Biblioteca Juan San Martin Liburutegia

Category » Hitzaldiak

Asier Serrano: 20 urteko ibilbide literario-musikala

Liburuaren Nazioarteko eguna ospatzeko, aurten Asier Serrano eibartarra ekarriko dugu Liburutegira. Apirilaren 23an izango da, arratsaldeko 7etan.

Hogei urte igaro dira dagoeneko Asier Serrano idazle eta musikari eibartarrak Lubaki Banda sortu eta lehen idatziak argitaratzen hasi zenetik. Ordutik, literaturaren eta musikaren adar ia guztiak laztandu ditu Serrano sortzaileak 10 liburutan eta 5 diskotan.

Genero ezberdinak landu ditu literaturan: nobelagintza, ipuingintza, poemagintza, saiakera, zutabegintza, abestien letragintza…

Musikaren alorrean ere bide oparoa egin du Serranok: Lorelei taldearekin, bakarlari modura eta talde ezberdinen kolaboratzaile gisara.

Hitzaldi musikatu honetan Asierrek bere ibilbide artistikoa errepasatuko du: sorkuntza prozesua nolakoa zaion, esku artean duen proiektuaren ahapaldiren baten irakurketa, bizitako bidaien anekdotaren bat, eta bere kantugintzaren sekretuak biluzik utziko dituen abestiren bat joko du gitarra hutsez.

Interesgarria, dudarik gabe.


Comments Off

Jon Arretxe eta Tangerko ametsak

Atzo arratsaldean bukatu genituen uda aurretik egingo diren euskarazko irakurketa klubeko saioak.

Eleberri beltzaren zikloarekin bukatu dugu, beraz. Uda pasatu ondoren jarraituko dugu jarduerarekin eta proposamenak onartzen dira irakurketak aukeratzeko.

Jon Arretxek bere nobelari buruz hitz egin zigun, hain zuzen ere Tangerko ametsak nobelari buruz. Nola idatzi zuen, zertan oinarritu zen idazteko, Tangerren eta Bamakon pasatutako denbora inspirazioaren bila… eta, oso inportantea, zein baliagarriak izan diren egindako bidaiak bere nobelen paisaia eraikitzeko. Hona hemen Literaturaren zubitegian agertzen den kritika.

Inkesta ere pasatu genuen partaideen artean eta, oro har, balorazioa oso ona izan da. Idazleak bertara ekartzeak oso ondo baloratuta izan da, asko aberasten duelako liburuaren gaineko hausnarketa eta inpresioa.

Nobela beltza asko izan dugula, agian poesia libururen bat irakurri beharko zela, saio bat edo beste idazlerik gabe egitea iritziak emateko presio gutxiagorekin, amodiozko nobelaren bat irakurtzea, dinamizatzailearen premia ez dela nabaritu baina agian “plus” bat emango lukeela, idazle hain ezberdinak asko aberastu dutela tertulia eta euskal literaturaren inguruko gogoeta… Horiek izan dira balorazioetan partaideen aportazioak.

Baina gehiago jasotzeko prest gaude, uda pasatu ondoren klub hau berriro martxan jartzeko asmoa dugu eta. Gu behintzat oso gustora egon gara eta pozik gaude klubak izan duen harrerarekin.


Comments Off

Euskarazko irakurketa klubekoak Hasier Etxeberriarekin berbetan

Atzo Hasier Etxeberriarekin egon ginen berbetan Eulien bazka nobelari buruz euskarazko irakurketa klubean.

Esan zuenez, bere nobela euskaldunena da. Euskara ulergarrian idatzitakoa, irakurleari laguntzeko. Belarrixakin idatzi zuen, elipsi asko daude… nobela musikala da. Ez da beharrezkoa bitan irakurtzea esaldi bakoitza hariari jarraitzeko.

Errealitatea eta fikzioa nahastuta daude. Zoriona etxea, adibidez, existitzen dela esan zuen. Nestor Basterretxearena da hain zuzen ere.

Entomologiako dokumentazioa Paco Etxeberria forenseak pasatako datuetatik aterata dago. Beno, egia esan hainbat bitxikeri kontatu zituen.

Gustora egon ginen bertaratu ginenok. Nobelaren kritikak irakurri nahi badituzue, sartu hemen.

Hurrengoan parte hartu nahi izatekotan, izena eman Liburutegian. Apirilaren 9an izango da eta orduan landuko den nobela Tangerko ametsak izango da, eta Jon Arretxe izango dugu bertan.


Comments Off

Debabarreneko I. Aste Ekologikoa

Datorren astean izango da Debabarrenako I. Aste Ekologikoa.

Aste horretan burutuko diren ekintzak honako hauek izango dira:

Hitzaldia: “Ekologikoa, baserrikoa eta Euskal Herrikoa“. Irailaren 18an izango da, arratsaldeko 7etan, Portalea Kultur Etxean.

Mahai ingurua: Debabarreneko kontsumo taldeak. Irailaren 20an, arratsaldeko 7etan, Portalean.

Produktu ekologikoen azoka Urkizuko parkean. Irailaren 22an, 9:00etatik 14:00etara. Azoka honetan tailer batzuk egongo dira ere: Ogigintza tailerra eta sukaldaritza tailerra, biak irailaren 22an, azokan bertan.

Irteera didaktikoa: Baserria eta ekologia: Abontza errekatik ibilbidea. Irailaren 23an, 9:00etatik 17:00ak arte, Legarre kalean. Izena eman behar da Biolur elkartean (943 76 14 47)

Guzti hau osatzeko, Liburutegiak interesgune bat jarriko du datorren astean nekazaritza ekologikoa gaiarekin lotuta dituen liburuekin.


Comments Off

Eibarko bonbardaketaren 75. urteurrena: Jesus Gutierrezen hitzaldia

Hona hemen Jesús Gutiérrezen hitzaldia, Eibarrek Gerra Zibilean sufritu zituen bonbardaketei buruzkoa. Ahotsak.com-ek grabatu zuen Coliseo Antzokian maiatzaren 2an eta orain youtubera igo du, bertan egon ez zirenak ikusi eta entzun ahal izateko.

Noticias de Gipuzkoa egunkariak egin zion elkarrizketan, hitzaldian kontatzen duenaren laburpena izan daiteke.

YouTube Preview Image


Comments Off

Islandia eta Groenlandia: belarra, laba eta izotza oinpean

Datorren ostegunean, maiatzak 10, arratsaldeko 7etan, ikus-entzunezko emanaldia eskeiniko dugu Portaleko Areto Nagusian. Asier Aranzabal eta Mila Gallastegi izango ditugu hemen beraien bidaietako bati buruz hitz egiteko eta, batez ere, ateratako argazkiak erakusteko.

Beraien hitzetan esanda: Zirkulu Polar Artikoaren ondoan, iparraldeko argiek edertuta, Islandiako eta Groenlandiako izadiaren handitasunak edonor miraz jartzeko gai da.

Islandia izotzaz eta suaz egina dago. Munduan beste inon ez dute glaziarren eta sumendien indar kontrajarriak bat egiten: laba-basamortuak, riolitazko mendiak, basaltozko anfiteatroak, iturri geotermikoak, geyserak eta izotz azpiko sumendiak, ibai eta urjauzi hunkigarriak sortuaz.

Groenlandia izotzez estalitako irla da, % 84 hain zuzen. Gainontzekoa, udako belarraren berdeak kostaldea bizigarri egiten du, bertan jaso bait dituzte Inuitek bere etxe eta herri koloretsuak, fiordoen ur lasaien ondoan. Inlandsisaren izotzak ere kostalderatz jotzen du fiordoetan zehar irristatuz eta itsasoa zuri-urdinezko iceberg ikusgarrekin betez.

Ikusentzuneko honekin Inuiten eta Vikingoen lurralde hauetan zehar bidaiatuko dugu, belardien berdearen eta haitz bolkanikoaren beltza zapalduaz, baita glaziarren zuria eta mendien okre, marroi eta gorria zapalduz, etengabeko urtzaldiaren ibaien arrea zeharkatuz , ur beroko errekek sortutako izotz-kobazuloen urdin argian barrena sartuz eta ur-putzu beroen urdin-berdean atsedena hartuaz, beti ere zeru aldakorraen zuri, gris eta urdinari so.

Liburutegiak, Kutxak lagundutako emanaldi hau antolatzeaz gain, interesgunea jarriko du bidai-liburuekin eta hainbat eta hainbat toki erakusten dizkiguten liburu eta dokumentalekin


Comments Off

Idazlearekin solasean: Harkaitz Cano

Liburutegiak martxan daukan irakurketa klubean Harkaitz Canoren El filo de la hierba liburua irakurtzen ari dira hile honetan.

Irakurketa honi dagokion saioa osatzeko, idazlea bera etorriko da liburuari buruz hitz egitera eta bai klubeko partaideek bai saio honetan interesatuta dagoen edozeinek dauzkan galderei erantzutera.

Maiatzaren 9an izango da, arratsaldeko 7etan, bertan Liburutegian.


Comments Off

Idazlearekin solasean: Karmele Jaio

Liburutegiak martxan daukan irakurketa klubean Karmele Jaioren Las manos de mi madre liburua irakurtzen ari dira hile honetan.

Irakurketa honi dagokion saioa osatzeko, idazlea bera etorriko da liburuari buruz hitz egitera eta bai klubeko partaideek bai saio honetan interesatuta dagoen edozeinek dauzkan galderei erantzutera.

Otsailaren 14an izango da, arratsaldeko 7etan, bertan Liburutegian.


Comments Off

Munduko paisaiak: Txina

Eibarko Juan San Martin Liburutegiak parte hartzen du Eusko Jaurlaritzako Liburu eta Liburutegi Zerbitzuak bideratzen duen “Liburutegiak topaleku” izeneko kanpainan.

Aurten honako jarduera hau garatuko da: “Munduko paisaiak”. Txinari buruzko monografikoa prestatu dugu Eibarren, hain zuzen ere, irakurketa gida bat eta gaiaren inguruko hainbat jarduera.

Hori guztia honako asmo honekin egin dugu: hangoak diren pertsonek beraien kultura eta ohiturak zeintzuk diren ezagutaraztea eta hemengoak garenoi haiek ezagutzeko aukera ematea.

Txina herrialdea aukeratzerakoan, Txinatik adoptatutako eibartar umeak eta beraien familiak izan ditugu gogoan ere. Pentsatzen dugu interesgarria izango zaiela han lagatako kultura zein den jakitea.

Antolatutako jarduerak honako hauek izango dira:

  • Azaroaren 7tik 29ra Txinari buruzko interesgunea: liburuak, DVDak eta CDak.
  • Azaroak 11, 17:30. Ipuin kontalari saioa. Txinako ipuin eta kondairak. Umeen Liburutegia
  • Azaroak 18, 17:30. Kaligrafia eta papiroflexia tailerrak. Umeen Liburutegia
  • Azaroak 18, 18:30. Adopzioari buruzko hitzaldia; informazioa, esperientziak, etab. Umeen Liburutegia

Ekintza guztien dinamizatzailea ANICHI (Gipuzkoako Adopzio Familien Elkartea) da.

Open publication – Free publishingMore china

Aitor Azurki Maizales bajo la lluvia

Aitor Azurkik, Maizales bajo la lluvia liburuaren egileak, Gerra Zibilean parte hartu behar izan zuten hamaika pertsonen testigantzak ekartzen dizkigu orrialde hauetara.

Liburutegian bertan egongo da ostegun honetan, uztailak 7, arratsaldeko 7etan. Lekuko hauen artean eibartarrak diren Ignacio Gaspar Álvarez Lucio eta Paco Barreña Elícegui (2010ean hil zena) ere badaude

YouTube Preview Image

 

 

 

 

 

 


Comments Off

Switch to our mobile site