Biblioteca Juan San Martin Liburutegia

Category » Irakurketa kluba

Jon Arretxe eta Tangerko ametsak

Atzo arratsaldean bukatu genituen uda aurretik egingo diren euskarazko irakurketa klubeko saioak.

Eleberri beltzaren zikloarekin bukatu dugu, beraz. Uda pasatu ondoren jarraituko dugu jarduerarekin eta proposamenak onartzen dira irakurketak aukeratzeko.

Jon Arretxek bere nobelari buruz hitz egin zigun, hain zuzen ere Tangerko ametsak nobelari buruz. Nola idatzi zuen, zertan oinarritu zen idazteko, Tangerren eta Bamakon pasatutako denbora inspirazioaren bila… eta, oso inportantea, zein baliagarriak izan diren egindako bidaiak bere nobelen paisaia eraikitzeko. Hona hemen Literaturaren zubitegian agertzen den kritika.

Inkesta ere pasatu genuen partaideen artean eta, oro har, balorazioa oso ona izan da. Idazleak bertara ekartzeak oso ondo baloratuta izan da, asko aberasten duelako liburuaren gaineko hausnarketa eta inpresioa.

Nobela beltza asko izan dugula, agian poesia libururen bat irakurri beharko zela, saio bat edo beste idazlerik gabe egitea iritziak emateko presio gutxiagorekin, amodiozko nobelaren bat irakurtzea, dinamizatzailearen premia ez dela nabaritu baina agian “plus” bat emango lukeela, idazle hain ezberdinak asko aberastu dutela tertulia eta euskal literaturaren inguruko gogoeta… Horiek izan dira balorazioetan partaideen aportazioak.

Baina gehiago jasotzeko prest gaude, uda pasatu ondoren klub hau berriro martxan jartzeko asmoa dugu eta. Gu behintzat oso gustora egon gara eta pozik gaude klubak izan duen harrerarekin.


Comments Off

Idazlearekin berbetan: Jon Arretxe, Tangerko ametsak

Hauxe izango da euskarazko irakurketa klubean uda aurretik egingo dugun azken saioa. Uda pasatu ondoren jarraituko dugu programazioarekin.

Oraingoan Tangerko ametsak nobela irakurri eta amaitutakoan Jon Arretxe autorearekin berbetan egoteko aukera izango duzu Eibarko Juan San Martin Liburutegian.

Kluban parte hartzeko Liburutegian izena eman besterik ez da egin behar. Bertan liburua lagako dizugu eta apirilaren 9an galdera sorta ekarri ahal duzu idazleari egiteko. Denon artean irakurketa hau konpartitzeko gunea izango dugu.

Nahi baduzu, beheko inprimakian ere eman ahal duzu izena. Animatu zaitez, pixkanaka pixkanaka bagoaz taldetxoa osatzen eta.


Comments Off

Euskarazko irakurketa klubekoak Hasier Etxeberriarekin berbetan

Atzo Hasier Etxeberriarekin egon ginen berbetan Eulien bazka nobelari buruz euskarazko irakurketa klubean.

Esan zuenez, bere nobela euskaldunena da. Euskara ulergarrian idatzitakoa, irakurleari laguntzeko. Belarrixakin idatzi zuen, elipsi asko daude… nobela musikala da. Ez da beharrezkoa bitan irakurtzea esaldi bakoitza hariari jarraitzeko.

Errealitatea eta fikzioa nahastuta daude. Zoriona etxea, adibidez, existitzen dela esan zuen. Nestor Basterretxearena da hain zuzen ere.

Entomologiako dokumentazioa Paco Etxeberria forenseak pasatako datuetatik aterata dago. Beno, egia esan hainbat bitxikeri kontatu zituen.

Gustora egon ginen bertaratu ginenok. Nobelaren kritikak irakurri nahi badituzue, sartu hemen.

Hurrengoan parte hartu nahi izatekotan, izena eman Liburutegian. Apirilaren 9an izango da eta orduan landuko den nobela Tangerko ametsak izango da, eta Jon Arretxe izango dugu bertan.


Comments Off

Idazlearekin berbetan: Hasier Etxeberria, Eulien bazka

Pasa den asteartean Liburutegian bildu ginen euskarazko irakurketa klubeko kideak Joseba Lozanoren Argiaren erreinua liburua komentatzera.

Asier Sarasuak esan duen moduan, Joseba Lozanok “literatura arina” defendatu zuen. Lozanoren asmoa nobela idatzi zuenean irakurlea entretenitzea zen. Irakurleak ahaztu egin behar zuen irakurtzen zegoela, horren kontzientzia galdu behar zuen. Beraz, hainbat trikimailu linguistiko erabili zituen euskara oso ulergarri batetan idazteko, edozein lehengo irakurraldi batean uler dezan istorioa, haria galdu barik.

Martxoko saioan Hasier Etxeberria izango dugu gurekin. Eulien bazka nobela irakurri ondoren komentatuko dugu hilaren 5ean, Liburutegian bertan.

Oraindik lekua dago animatzen denarentzako. Parte hartu nahi izatekotan, pasatu Liburutegitik nobela jasotzera edo izena eman beheko inprimakian.

Irakurketak konpartitzeko modu egokia da benetan. Oso gustora egon gara orain arte egindako saioetan. Animatu zaitez, beraz, hurrengoan parte hartzera.


Comments Off

Idazlearekin berbetan: Joseba Lozano, Argiaren erreinua

Urtearekin batera, hasi gara euskarazko irakurketa klubaren saioekin Eibarko Liburutegian.

Lehengoan Harkaitz Canorekin egon ginen berbetan “Twist” nobelaren tripak atera nahian. Ezin gusturago egon ginen eta bertaratu ziren guztiak hurrengo saioan parte hartzeko asmoa azaldu zuten.

Liburutegiak parte hartu nahi duenari liburua ekartzeko konpromesua hartzen du. Beraz, nahi baduzu izena eman hurrengo saiorako etorri lehenbailehen edo inprimaki hau bete eta bidali.

Saioa otsailaren 5ean izango da, arratsaldeko 7etan, Liburutegiko Langelan.

Etorriko den idazlea, Joseba Lozano izango da. Aurkeratu dugun liburua Argiaren erreinua nobela beltza.

Hegalean jartzen duena aurreratuko dizuet: “Praga inguruan emakume baten gorpua azaldu da: lepoa moztu diote, eta begiak atera. Ondorengo asteetan, tantaka, emakume gehiago agertu dira, eta bakoitzari gorputz atalen bat falta zaio. Praga iluneko kaleetan hiru ezezagun bildu dira hiltzailea harrapatzeko: Jan, ikerketaren arduraduna; Anna, liburu denda bateko jabea; eta Fran, bere burua nahigabe abenturan murgilduta ikusi duena. Baina ikerketa honetan ezer ez da dirudiena, eta dena gero eta misteriotsuagoa da, gero eta itogarriagoa, gero eta beldurgarriagoa...”


Comments Off

Plaza libreak gaztelerazko irakurketa klubean

Quedan plazas libres para este club. Será gratuito y las lecturas que se van a realizar son las que aparecen en el cartel.

Si lo deseas, te podemos conseguir el libro. Pero para eso es conveniente apuntarse mes y medio antes de cada sesión.

Puedes hacerlo aquí mismo.


Comments Off

Idazlearekin berbetan: izen-ematea

Liburutegiak programa berria jarri nahi du martxan: Idazlearekin berbetan

Azalpena eta helburuak: Jarduera honetan, idazleak bere liburua irakurri duten irakurleei haren gaineko ideiak, esperientziak eta bizipenak elkartrukatzeko aukera eskainiko die, aurrez aurreko solasaldien bitartez.

Irakurketa klub baten funtzionamendua izango du.

Jarduera hauek egokiak dira, batez ere, liburu jakin baten gainean sakondu nahi duten irakurle taldeentzat. Liburuaren irakurketak sortu dizkien zalantzak, kezkak, hausnarketak, jakin-minak… idazlearekin partekatzeko abagunea izango dute; lehen eskutik jasoko dute irakurri duten lanaren atzean izkutatzen dena eta idazlearentzat ere parada ezin hobea izango da bere irakurleen interpretazioak, iritziak, sentipenak… bertatik bertara ezagutzeko. Taldearen konplizitatea, elkar ezagutza, garrantzitsua da, beraz.

Nork emango du: Euskal Idazleen Elkarteak eskeintzen duen programa bat da. Idazlea bera dator bere liburua komentatzera.

Noiz: urtarriletik apirilera eta urritik abendura. Urtarrilak 8, otsailak 5, martxoak 5 eta apirilak 9. Uda pasa ondoren, urriak 8, azaroak 5 eta abenduak 10. Ordua: 19:00 – 20:00, Liburutegian

Materiala: Solasaldian parte hartuko duen bakoitzari liburua lortzeko konpromesua hartzen du Liburutegiak. Horretarako, komeni da aldez aurretik izena ematea Liburutegian.

Izen-ematea: saioa burutu baino hilabete eta erdi lehenago. Juan San Martin Liburutegian, edo bide hauek erabiliz:

  • Tel. 943 70 84 37
  • e-mail: biblioteca@eibar.net
  • Bloga

Erabiliko den hizkuntza: Euskara

Doan

Partaide kopurua: Gehienez 30 pertsona. Pertsona gehiagok ematen badu izena, zozketa egingo da. Saio guztietarako izena emateko aukera emango da, hori bai, guztietara etortzeko konpromesua izan beharko da horretarako.

Programari hasiera emateko, eleberri beltza edo intrigazko eleberri zikloa egingo dugu.

Lehenengo saioa urtarrilaren 8an izango da, arratsaldeko 7etan. Harkaitz Cano, Euskadi Literatura saria, izango dugu hemen bere liburua den “Twist” komentatzeko.

Hurrengo saioen programazioa apirila arte honako hau izango da:

  • Otsailak 5: Joseba Lozano, Argiaren erreinua
  • Martxoak 5: Hasier Etxeberria, Eulien bazka
  • Apirilak 9: Jon Arretxe, Tangerko ametsak

Izena eman nahi baduzu, hona hemen bertan formularioa:


Comments Off

Irakurketa klubean matrikulatzeko epea zabalik

Datorren astelehenean zabaltzen da Irakurketa Klubean matrikula egiteko epea. Irailaren 10etik 21era egongo da zabalik eta eskaera egiteko tokia PEGORA da.

Klubeko saioetan aldez aurretik aukeratutako liburuez jarduteko aukera dago, eta Txomin Magdalenak koordinatu eta dinamizatuko ditu, partehartzaileei liburuak irakurtzeko aholku eta jarraibideak emango dizkiela.

Saioak eta irakurketak gaztelaniaz izango dira eta Liburutegian egingo dira urritik maiatzera, hilean behin. Proposatzen dugun eguna asteartea da, arratsaldeko 7etatik 8etara. Aurtengo egunak honako hauek dira: urriak 9, azaroak 13 eta abenduak 11.

Lehenengo saioarako aukeratu den liburua Ana Cañilek idatzitako “Si a los tres años no he vuelto” izango da.


Comments Off

Idazlearekin solasean: Harkaitz Cano

Liburutegiak martxan daukan irakurketa klubean Harkaitz Canoren El filo de la hierba liburua irakurtzen ari dira hile honetan.

Irakurketa honi dagokion saioa osatzeko, idazlea bera etorriko da liburuari buruz hitz egitera eta bai klubeko partaideek bai saio honetan interesatuta dagoen edozeinek dauzkan galderei erantzutera.

Maiatzaren 9an izango da, arratsaldeko 7etan, bertan Liburutegian.


Comments Off

Idazlearekin solasean: Karmele Jaio

Liburutegiak martxan daukan irakurketa klubean Karmele Jaioren Las manos de mi madre liburua irakurtzen ari dira hile honetan.

Irakurketa honi dagokion saioa osatzeko, idazlea bera etorriko da liburuari buruz hitz egitera eta bai klubeko partaideek bai saio honetan interesatuta dagoen edozeinek dauzkan galderei erantzutera.

Otsailaren 14an izango da, arratsaldeko 7etan, bertan Liburutegian.


Comments Off

Switch to our mobile site