Gobela, San Nikolas, Villamonte
Anabel
This user hasn't shared any biographical information
Posts by Anabel
Ikasteko leku eskaintza, maiatzaren 12tik uztailaren 8ra
May 10th
Azterketa garaia dela eta, liburutegiek ohiko ordutegia zabaldu egingo dute, beheko kartelean azaltzen den bezala; astelehenetik ostegunera arteko ohiko ordutegiaz aparte, Villamonte eta Gobela Helduak liburutegiek, larunbatetan eta igandeetan arratsaldez ere irekiko dute.
Kultur Etxeko gelei dagokienez: Romoko eta Villamonteko erabilera anitzeko gela batzuk prestatu dira horretarako asteburuetan; astegunetan, erabilgarritasunaren arabera baino ez.
Bestalde, ikasteko leku eskaintzarik zabalena, Romo Eskolan eta Caro Baroja Institutuan dago. Horietan, behar beste gela prestatuko dira, eskaeraren arabera. Ikastetxe horien ordutegia eta egutegia ere beheko kartelean dago.
ArgIHIzkiak: argazkietan oinarritutako I. testu laburren lehiaketa
May 3rd
Zer da?
Argi-hizkiak Getxoko literatura-lehiaketa bat da, euskaraz. Testu laburrak idatzi beharko dira argazki batzuetan oinarrituta. Argazki, erretratu, potret edo fotografia hitzak erabiltzen ditugu euskaldunok grezieraren photos (argia) eta graphis (marrazkia, idazkera) hitzekin sortutako fotografia hitza adierazteko. “Argiarekin marraztea edo idaztea” da, beraz, fotografia hitzaren jatorrizko esanahia. Getxon horrelako lehiaketarik ez dagoela ikusita, antolatzaileok bi helburu lortu nahi ditugu: alde batetik, jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea; eta, bestetik, Getxoko eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea.
Nortzuk gara antolatzaileak?
Egizu Getxo euskaldun elkartea, Uk aldizkaria, Getxophoto ekimena eta Getxoko Udala
Zeintzuk dira lehiaketaren ezaugarriak?
- Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork har dezake parte, Getxon erroldatuta egon edo ez.
- Testu bakoitza argazkietako batean egongo da oinarrituta, eta egileak adierazi beharko du zein den aukeratu duen argazkia (argazkiaren eta argazkilariaren izenak idatzita).
- Bi kategoria izango ditu lehiaketak: sms bidezkoa (160 karaktere gehienez) eta posta elektroniko bidezkoa (100 hitz gehienez).
- Testuak euskaraz idatzita egon behar dira, euskara batuan edo edozein euskalkitan.
- Edozein testu mota onartuko da (prosa, olerkia, bertsoa…).
- Oinarriak, argazkiak eta informazio guztia, non?
www.egizu.org/literatuta/argihizkiak
argi.hizkiak@gmail.com
619 935 541

Getxoko Liburu Azoka: zinearen mundua
Apr 18th
Ostiralean, apirilak 20, Liburu Azoka izango da Getxon berriro ere. Datorren astelehenera arte udal liburutegiek antolatutako ekimen horrek bertoko hamar liburu-dendaren etxolak eta hainbat jarduera, hartuko ditu. Azken horiek zinearen mundua izango dute ardatza aurten. Azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da, ostiralean eta astelehenean izan ezik. 20an, arratsaldez soilik irekiko da; 23an, berriz, ordubete lehenago itxiko da arratsaldean.
Azokan, bisitariek liburuen, komikien eta haurrentzako ipuinen azken nobedadeak erosteko aukera izango dute. Halaber, jarduera anitz izango dira: ipuin kontaketak, tailerrak, film laburren proiekzioa, hitzaldia, ikasle getxotarren ohiko jendaurreko irakurketa eta egileen sinatze-saioak, besteak beste. Horiez gain, udal Immigrazio Arloaren eta Euskara Zerbitzuaren eskutik kultura anitzen kondairen eta mitoen inguruko postu bat egongo da.
Ohi denez, Kultur Etxeko liburutegiek beren gunea izango dute azokan. Horrela, irakurleei liburuak mailegatzeko aukera eskainiko zaie, eta etxera eraman ahal izango dituzte. Halaber, umeek eta gazteek komiki eta ipuin interesgarriak aurkituko dituzte bertan irakurri ahal izateko.
Beheko irudian, programa osoa kontsultatu ahal duzu:
Martxoak 21: Arrazakeriaren kontrako nazioarteko eguna
Mar 22nd
Getxoko Udalak, Getxoko Etorkinak Plataforma osatzen duten elkarteekin batera, eta CEAR Euskadi eta SOS Arrazakeria Bizkaia elkarteen parte-hartzearekin, aurten ere, martxoaren 21ean, Arraza Diskriminazioaren aurkako Nazioateko Eguna ospatuko du, honako lemapean: “ANIZTASUNAREN ALDE, DISKRIMINAZIOAREN AURKA”. Horretarako, hainbat ekitalde antolatu dituzte, haien artean “ZUBIAK 2012″: aniztasunaren aldeko, arrazakeriaren kontrako film laburren lehiaketa.
ZUBIAK, bere ibilbideko lehenengo urtean, kalitate handiko lanak jaso ditu, hainbat herrialdeetatik etorrita. Horietan, migrazioekin, asilo eta babesarekin, elakrbizitzarekin, legeekin, arrazakeriarekin eta indarkeria eta diskriminazioarekin lotutako gaiekin heltzen zaie.
Lehiaketarako hautatutako film laburren proiekzioak: astearte eta asteazkena, martxoak 27 eta 28, Kultur Etxean (Villamonte A-8, Algorta) 19:30-21:30 Film laburri hoberena bozkatuko da publikoaren saria erabakitzeko.
Sari-banaketa eta film labur irabazleen proiekzioa: Ostirala, martxoak 30, Andres Isasi Musika Eskolan (Las Mercedes 6, Areeta) 19:30-21:00, Sariak eta proiekzioak ; 21:30: EL HAVRE proiekzioa (zuzendaria, Aki Kaurismäki) (Prezio publikoa: 2,90 € ; proiekzioetara bertaratzen direnak: doaneko gonbidapena).
Gainera, gai horri buruzko zinema interesatzen bazaizu, Getxoko Liburutegiek egindako Gidan proposatzen ditugun film eta liburuak ikustera gonbidatzen zaitugu. Gida lotura honetan dago.
2011ko Txostena: liburutegiak zifratan
Mar 15th
2011 memoria honetan islatzen denez, iaz, beste behin, Getxoko Liburutegiek hazkunde sendoa erakutsi zuten, erabiltzaile-kopurua 200.000 pertsonatik gorakoa izan baitzen bere hiru egoitza finkoetan. Beraz, bazkide-kopuruaren marka hautsi egin dugu (guztira 25.000tik gorakoa, 2010. urtean baino 1.400 pertsona gehiagorekin). Maileguen kopurua ere handitu egin da, aurreko urtean baino 3.000 gehiago izanda, mailegatutako ia 108.000 alera iristeraino.
Urtean zehar gehien eskatu izan diren tituluak:
- El tiempo entre costuras (María Dueñas)
- El salón de la embajada Italiana (Elena Moreno)
- Los gritos del pasado (Camilla Läckberg)
- El vals lento de las tortugas (Katherine Pancol)
- La senda oscura (Asa Larsson)
- Crimen en directo (Camilla Läckberg)
Aurten 3 zerbitzu berriren abiaraztea azpimarratu beharra dago. Horiek, erabiltzaileen harrera ona izateaz gain, 2012an zehar fi nkatzen joango dira.
- Ipuinaren ordua
- Liburu elektronikoen mailegua
- Ordenagailu eramangarrien mailegua aretoan
Getxoko liburutegiek sare sozialetan daukaten presentzia ere nabarmendu nahi dugu. Hala, bi blog kudeatzen ditugu, orokorra bata (hau) eta Kontularien Klubaren ingurukoa bestea (http://clubdeloscuentistas.blogspot.com); Facebooken ere orrialdea daukagu, 159 jarraitzaile dituena (https://www.facebook.com/Getxo.Liburutegiak), baita Twitterren kontu bat ere (@bibgetxo) 97 jarraitzailerekin. Oraindik jarraitzaile gutxi diren arren, hasten ari den zerbitzua da eta, jarraitzaile-kopurua erritmo onean haziko delako ziurtasuna daukagu, bide horiei esker jende gehiagorengana helduko gara.
“Emakume ahotsak”: solasaldia eta irakurketa gida
Feb 24th
Ostiralean, hilak 24, Josune Muñoz-en eskutik, “Voces de mujeres: ¿qué leen las mujeres de Asia, África, Oriente Medio?” izeneko irakurketa gida eta solasaldia aurkezten dugu, Villamonteko Kultur Etxean (Algortan). Gida Skolastika-k eta Fundeso-k argitaratu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.
Literatura, hitz egindakoa nahiz idatzitakoa, ezagutzarako tresna erabilgarria da. Hurbilen eta urrunen daukagun errealitateari buruzko informazio-iturri handia izateaz gainera, horri buruz hausnarketa egiteko aukera ematen du. Liburuen bidez, urruneko kulturetara hurbiltzen gara, eta gurekin esperientzia eta tradizio aldetik zerikusirik ez duten pertsonekin bizipenak konpartitzen ditugu.
Gida honen helburua, bada, egileen literatura lanen bidez Afrikako, Ekialde Ertaineko eta Asiako emakumeen errealitatea ezagutu dadin bultzatzea da. Liburu horiek, sarri, ezezagunak edo eskuratzeko sailak dira; baina ezagutzera emanez gero, herrialdeen eta kulturen artean hain beharrezkoa den esperientzien eta ezagutzen trukean lagun daiteke.
Gida doan banatuko da solasaldian; baina, ezin baduzu etorri eta gida interesatzen bazaizu, Villamonteko Liburutegian eskatu.
Noiz: otsailaren 24an
Ordua: 19:00etan
Non: Villamonteko Kultur Etxean (metro Algorta, Bolue irteera)
Krisiari buruzko ikuspuntu ordezkoak
Feb 15th
Krisia, atzerapena, crack-a, liberalismoa, gastuaren murrizketa, zor publikoa, shock-a… Egunero mota horretako hitzekin bonbardatzen gaituzte, aurretik guretzat arrotzat diren hitzekin, ekonomialarien munduari zegozkiolako, baina, azken bolada honetan, dena zipriztintzen dutenak, nahitaez.
Hainbat liburu eta pelikula bildu ditugu, guztiak krisiari buruzkoak, baina guztiek beste ikuspuntu batzuk eskaintzen dizkigutenak, ofizialak ez direnak. Gure asmoa zera da: krisiari buruz hitz egiten dutenean zertaz ari diren, baita zeintzuk diren horren arrazoi eta ondorioak ere jakinaraztea… irakurri edo ikusi ondoren, bakoitzak hausnartzeko eta bere ondorio propioak ateratzeko. Guztiak Getxoko Liburutegietan dituzu eskuragarri (azalan dagoen gezian klikatu erabilgarritasuna jakiteko).
Naomi Klein-ek “La doctrina del shock” liburuan (dokumentala ere badago) zera defendatzen du: boteretsuak shock (larrialdi) egoera bat sortu edota horretaz baliatzen saiatzen dira, lege neurriak eta erabaki ekonomikoak onartzeko; erabaki horiek, beste une batean onartuezinak izaten dira gogorregiak direlako, baina shock-a aitzakia hartuta… Hala ere, estrategia hori eraitsi daiteke: jendea jakinaren gainean dagoenean, politika horrek nora eramango gaituen dakienean, ez dagoela ados erabaki ahal du eta, horrela, estrategia agerian geratzen da.
Beraz, komeni zaigu gaurko egoera ekonomikoaz konturatzea, eztabaidatzea, eta gure izaera kritikoa garatzea, ez duzu uste?
Proposatzen dizkizuegun liburu eta pelikulez aparte, oso blog interesgarri batzuk ere badaude; adibidez: “No le digas a mi madre que trabajo en Bolsa”, Francisco Álvarez ekonomialariarena; “La Bolsa y la vida” izeneko irrati-tartean ere entzun dezakezu (larunbatero, 10:00etan), Radio Nazionaleko “No es un día cualquiera” irrati-saioan.
Maiteminduentzako liburuak
Feb 6th
Egun batzuk barru, otsailaren 14an hain zuzen, Maiteminduen Eguna ospatzen da. Ez dugu inolako kontsumismorik bultzatu nahi, ezta inork sentimendu zintzo honen bidez negozioa egitea ere. Gurea oso bestelakoa da: liburuak eta irakurgai onak.
Titulu batzuk gogorarazi besterik ez dugu nahi; umeentzakoak eman arren, haien azal samurraren azpian, benetan mamitsuak dira.
Kolore anitzeko istorioak dira, zure maiteari… edo maiteminduta dauden lagun batzuei oparitzekoak. Istorio hunkigarriak, irribarre egitekoak, konpartitzekoak…
Liburu sorta txiki bat baino ez da. Baina amodiozko eleberri bat irakurri edo pelikula erromantiko bat ikusi nahi baduzu, egin klik loturan (edo apalategietan bertan bilatu bihotz gorriaren irudia), Getxoko Liburutegietan eskurragarri dauzkagun guztia ikusteko. Eta amodioari buruzko ipuinen iradokizuna gustukoa baduzu, beste lotura honek lagunduko zaitu.
Ikasteko leku eskaintza, urtarrilaren 2tik 28ra
Dec 30th
LIBURUTEGIAK (urtarrilaren 9tik 22ra):
Gabon jaiak pasatu ondoren, liburutegi guztiel ohiko ordutegiarekin jarraituko dute: San Nikolas eta Gobela Helduak , astelehenetik ostiralerako etengabeko ordutegia (08:30 – 20:30), larunbatetan 9:15 – 13:00; eta Villamonte eta Gobela Haur Gazteak 8:30-14:30 eta 16:00- 20:30. Honezaz gain, Villamonte eta Gobela helduak liburutegiek larunbatetan ( 09:15 – 13:00) eta igandeetan ere (16:15 – 20:00) irekiko dute.
KULTUR ETXEKO GELAK (urtarrilaren 9tik 22ra):
Romo: Lope de Vega kaleko Kultur Etxean (antzinako Romoko liburutegian) erabiliera anitzeko gela batzuk prestatu dira. Bertan, ikasteko gela batzuk erabili ahal izango dituzue larunbatetan (09:00 – 13:00 eta 16:00 – 22:00) eta igandeetan arratsaldez (16:00 – 20:00)
Gainera, Villamonteko Kultur Etxeko gelak ikasteko erabili ahal izango dira, larunbatetan 9:15-13:00 eta 16:15-20:00, eta igandetan 16:15-20:00; baita astegunetan ere, ahal izanez gero.
IKASTETXEAK (urtarrilaren 2tik 28ra):
Ikasteko leku eskaintzarik zabalena, Romo Eskolan eta Caro Baroja Institutuan dago. Horietan, behar beste gela prestatuko dira, eskaeraren arabera. Ikastetxe horien ordutegia hauxe izango da: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 22:00atara; larunbatak eta igandeak, 09:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 22:00atara.
Kartela handituta ikusu nahi baduzu, egin klik gezien laukian, irudiaren beheko partean:
Liburutegien Gabonetako ordutegia
Dec 23rd
Gabonak direla eta, Villamonte eta Gobelako Liburutegiok gure ohiko ordutegia aldatu egiten dugu.
Beraz, abenduaren 26tik urtarrilaren 4ra bitartean, liburutegi horien ordutegiak honako hauek izango dira:
Astelehenetik ostiralera:
09:15 – 13:00
16:15 – 20:00
San Nikolaseko liburutegian ohiko ordutegiarekin jarraituko dugu, aldaketarik gabe: 08:30-20:30
24, 25, 31, 1, 5, 6 eta 7an liburutegiak itxita egongo dira.
Gure ohiko ordutegia urtarrilaren 9an hasiko gara berriro liburutegi guztietan, baina asteburuetan ikasketa kanpaina dela eta, zabalagoa izango da.








