Gobela, San Nikolas, Villamonte
Archive for October, 2011
Gure irtenberriak (urria)
Oct 27th
Gaur, liburu-sorta txiki bat dakarkizuegu, liburutegietan sartu berriak. Libururen bati buruzko zerbait gehiago jakin nahi baduzu, irudian klikatu baino ez duzu. Gehiago jakiteko, Gobelako, San Nikolaseko edo Villamonteko liburutegietan dauden, eskuragarri dauden edo itxaron-zerrendan izena eman behar duzun, kontsultatu gure katalogoa. Azkenik, urrian izenburu sartu berri guztiak (liburuak, ikus-entzunezkoak zein CDak) ikusi nahi badituzu, klikatu hemen
Kolonbiari buruzko jardunaldiak
Oct 14th
Urriaren 17ik 29ra Kolonbiari buruzko jardunaldiak izango dira Getxon. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren “Liburutegiak, topaleku” programa barnean dago eta honako hauek ditu helburu nagusiak: hainbat udalerritan presentzia handia duten immigrante kolektiboen kultura zabaltzea eta azken hauei zenbait euskal udalerrietako liburutegi zerbitzuak ezagutzera ematea. Aurreko urteetan Bolibia eta Filipinak izan ziren jardunaldien ardatza eta aurten kultura kolonbiarra izango da erabateko protagonista. Getxoko udal liburutegien eta Immigrazio Arloaren eskutik hainbat jarduera izango dira jardunaldietan.
Hamahiru egunetan zehar, tailerrak, zine-forum saioak, erakusketa, hitzaldia, ipuin kontaketak eta dantzak izango dira, besteak beste. Jarduera horiek guztiak zenbait kolektibok bultzatuta daude, esaterako, Kolektiba Colombia, Justicia por Colombia Elkartea, Emigrad@s sin Fronteras, AHISLAMA eta ASOCOLVAS (Euskadiko Kolonbiarren Elkartea).
Aurtengo programa datorren astelehenean, urriak 17, hasiko da, “Amazonia: Tradizioa eta modernitatea” erakusketaren eskutik. Horren bidez jendea sentsibilizatu nahi dute antolatzaileek Amazonasen eskualdeko errealitatearen inguruan. Argazkiak eta Brasilen eta Kolonbiaren arteko mugan bizi den Ticuna herri indigenak eginiko eskulanak egongo dira ikusgai. Astelehenean ere “Volver a nacer” dokumentala proiektatuko da. Unión Patrióticaren historia aztertzen du filmak. Kolonbiako gobernuak eta FARC-ek 1984. urteko su-etena adostu ondoren agertu zen talde hori, gatazkari irtenbide baketsua emateko asmotan. Proiekzioa amaitu eta gero, foruma hasiko da ikusleak filmaren gaiaz mintza daitezen.
Asteazkenean, urriak 19, Iván Forero soziologo eta historialaria “Los desafíos para el desarrollo y la paz: Relaciones bilaterales España-Colombia” hitzaldia emango du. Horretan, Espainiaren eta Kolonbiaren arteko harremanen bilakaera historikoa aztertuko du, XV. mendean hasita egungo globalizazio testuinguru berrira arte.
Urriaren 26an, asteazkenean, zine-forumaren beste saio bat izango da. Horretan, “Los colores de la montaña” eskainiko da. Filmean, Kolonbiaren barneko konfliktoa gerturatzen zaio ikusleari, ume batzuen adiskidetasun istorioaz baliatuta. Biharamunean, 27an, haurrentzako ipuin kontaketa izango da Nelson Calderón kontalariaren eskutik: “Cuentos con sabor a guayaba”, hain zuzen ere. Horretan, gehienetan animaliak protagonista dituzten Kolonbiako eta Amerikako herri kontakizun laburrak izango dira nagusi.
28an, ostiralean, Kolonbiako mito eta kondairen tailerra izango da, María del Rosario Vásquez Sepúlvedaren eskutik, familia osoarentzat. Tailerrean herri irudimenetik sortutako istorio eta pertsonaiak aztertuko dira. Azkenik, urriaren 29an Jardunaldiek agur esango dute bi ekitaldirekin: batetik, helduentzako Kolonbiako gastronomia tailerrean eta, bestetik, Maguaré dantza taldeak eskainiko duen tradiziozko dantza ikuskizunean. Aipatutako jarduerez gain, eta Jardunaldiak direla eta, udal liburutegiek gida bat argitaratuko dute Kolonbiako egileak eta Kolonbiaren inguruko liburuak, filmeak eta diskoak biltzen dituena. Material hori guztia Villamonteko liburutegian eska daiteke maileguan hilabete osoan zehar.
(Egin klik irudian egitaraua ikusteko)



























