Gobela, San Nikolas, Villamonte
Archive for year 2012
BADATOR GETXOKO KOMIKI AZOKA!
Nov 20th
Datorren ostiralean, azaroak 23, Getxoko 11. Komiki Azoka abiatuko da eta, hiru egunez, biñetaren mundua gerturatuko du. 60 saltokiz osatutako gune komertzialaz gain, hainbat jarduera egongo bertan. Komikizaleek ezinbesteko topagune izango dute Azoka, ohi denez Areetako Geltokia plazako karpan kokatuko dena.
Aurten ere ospe handiko egileak egongo dira Getxon. Horiek guztiak hitzaldietan eta aurkezpenetan ariko dira eta hain arrakastatsuak diren sinatze-txandetan ere. Horrela, zaleek autorerik gustukoenak zuzen-zuzenean ezagutzeko aukera dute. Oraingo honetan, besteak beste, Eddie Campbell eskoziarraren mailako egileak egongo dira; nazioarte mailan ezaguna da Campbell, Alan Moore-ekin “From Hell” komiki ezagunean egindako lankidetzagatik. Bere azken lana aurkeztuko du Getxon: “Mi libro sobre el dinero”.
Miguelanxo Prado ere etorriko da Getxora, Europa mailako autore espainiar ezagunenetako bat; laster aurkeztuko du “Ardalén” bere lan berria. Haiekin batera, Alfonso Zapicok parte hartuko du, James Joyce idazlearen bizitzan oinarritutako “Dublinés” lanagatik Komikiaren Sari Nazionala jaso berri duen egilea. Aurrez sari hori bera jaso duten beste bi autore ere izango ditugu gure artean: Max eta Santiago Valenzuela. Horiez gain, Mauro Entrialgo, Marika, Teresa Valero, Hernán Migoya, Albert Monteys, Manuel Bartual, Javier Pulido, Javier de Isusi eta beste asko ere egongo dira azokan. Villamonteko Liburutegian erakusketa bat prestatu dugu egile hauen komikiekin, mailegu moduan eskuragarri. Sakatu hemen liburutegian jasotako komiki helduberriak ikusteko
Azokak urtero komiki munduko profesionalei egiten dien omenaldietako protagonistak Europako komiki argitaletxe garrantzitsuenetakoa den Norma Editorial eta Ondarroako Komiki Jardunaldiak bezalako ekimenen bitartez bineta mundua sustatzen urteak daramatzan Luterl Taldea izango dira.
Behean, programo osoa daukazu.
San Nikolas liburutegiko irtenberriak
Nov 9th
Hauek dira San Nikolas Liburutegian erositako ikus-entzunezko material berriak, jada eskuragarri mailegu moduan. Egin klik irudietan laburpen txiki bat ikusteko.
Gainera, hilabete honetan beste formatu berri bat gehitu dugu: etxean blu-ray irakurle bat daukatenentzat; gure dokumentalen irudiak ahalik eta hoberen ikusi ahal izateko.
Munduko paisaiak: Magrebeko Kulturak (irakurketa gida)
Oct 30th
Pasa den urtean, MAGREBEKO KULTUREI buruzko Irakurketa Gida interesgarri bat argitaratu genuen bilduma honetan bertan (Basauriko liburutegiek prestatuta), eta batez ere inprimatutako materialak eskaintzen ziren. Aurten, berriz, gida hori betetzeko asmoz, beste era bateko euskarriak gehitu ditugu: musika, zinema, baita komikiak zein liburu marrazkidunak ere.
Egile magrebtarren lanak dira, edota, beste jatorri bateko egileenak izanda ere, Afrikako iparraldeko herrialde hauen kultur aniztasuna eta aberastasuna islatzen dute: Aljeria, Libia, Maroko, Mauritania, Mendebaldeko Sahara eta Tunisia.
Hainbat materialen artean, bakoitzak bere interesekoa den baten bat topatzea espero dugu.
Magreb-i buruzko jardunaldiak
Oct 26th
Afrikako iparraldean kokatuta, Mediterraneoko hegoaldeko itsasertzaren eta basamortuaren artean, Magrebeko sozietateek kultura-oinordetza handia eta askotarikoa batu dute, Aljeria, Libia, Maroko, Mauritania, Mendebaldeko Sahara eta Tunisiatik hedatzen dena.
Getxoko udal liburutegiek, “Munduko Paisaiak” programaren barruan, aniztasun sozial eta kultural hori gure herrikideei helarazi nahi diogu. Horretarako, irakurketa gida bat egin dugu eta jardunaldi hauek antolatu ditugu, ekintzaz beteta: anitzak, parte hartzekoak, interesgarriak, dibertigarriak… Bi astetan zehar, nork bere gustukoa den baten bat aurkitzea espero dugu.
Gida egiteko eta jarduerak antolatzeko, hauen laguntza izan dugu: udaletxeko Immigrazio zein Kooperazio arlokoena, Atfal, Schams, Casa Libia eta Lalla-Bouhia elkarteena, baita Festival Amal, Biltzen eta Eusko Jaurlaritzaren Liburutegi Zerbitzuarena. Mila esker horiei guztiei.
Programa osorik ikusi nahi baduzu, sakatu beheko irudian.
“Legado de mar”, Manuel Torres Goiri
Oct 18th
Gaur, Manuel Torres Goiri idazle getxoztarra aurkeztu nahi dizuegu. Egile horren bizitza eta lana oso lotua egon da betidanik itsasoari.
Nautika eta Itsasoko Garraioan lizentziaduna da, eta merkataritza-nabigazioko pilotua. 90eko hamarkadan lehorreratu eta Bilbon itsas lanetan sartu zen; hantxe jarraitzen du gaur egun.
San Nikolaseko liburutegian laster aurkeztuko dugun lana, Legado de mar izenekoa, bere lehendabiziko eleberria da, itsasoari eta abenturari buruzkoa. Merkantzia-ontziak eta bertako marinela benetan nolakoak diren erakusten du Algortako kapitan baten ikuspuntutik. Juventud argitaletxeak atera du, Nostromo bilduman.
Liburu hau marinelentzat, itsasozaleentzat eta, nola ez, Algortako iraganeko itsas jendearen bizitza nolakoa zen ezagutu nahi duen edozein algortarrentzat da.
Manuel Torres Goirik beste bi lan ditu itsasoko historiaren gainekoak: Aproximación a la historia del salvamento de náufragos en el Puerto de Bilbao (3. argitalpenean dago jada) eta La compañía Marítima del Nervión: los hombres, la empresa y los barcos, Jesús María Valdalisorekin eta Eugenio Torresekin batera idatzia. Guztiak gure liburutegietan daude
Source: Uploaded by user via Getxo.Liburutegiak on Pinterest
GETXOPHOTO 2012 Ez ezazu galdu!
Sep 8th












































