Gobela, San Nikolas, Villamonte
Ekintzak
ArgIHIzkiak: argazkietan oinarritutako I. testu laburren lehiaketa
May 3rd
Zer da?
Argi-hizkiak Getxoko literatura-lehiaketa bat da, euskaraz. Testu laburrak idatzi beharko dira argazki batzuetan oinarrituta. Argazki, erretratu, potret edo fotografia hitzak erabiltzen ditugu euskaldunok grezieraren photos (argia) eta graphis (marrazkia, idazkera) hitzekin sortutako fotografia hitza adierazteko. “Argiarekin marraztea edo idaztea” da, beraz, fotografia hitzaren jatorrizko esanahia. Getxon horrelako lehiaketarik ez dagoela ikusita, antolatzaileok bi helburu lortu nahi ditugu: alde batetik, jendea euskaraz idaztera eta irakurtzera animatzea; eta, bestetik, Getxoko eta Uribe Kostako argazkilariak eta euren lana sustatzea eta zabaltzea.
Nortzuk gara antolatzaileak?
Egizu Getxo euskaldun elkartea, Uk aldizkaria, Getxophoto ekimena eta Getxoko Udala
Zeintzuk dira lehiaketaren ezaugarriak?
- Lehiaketan 16 urtetik gorako edonork har dezake parte, Getxon erroldatuta egon edo ez.
- Testu bakoitza argazkietako batean egongo da oinarrituta, eta egileak adierazi beharko du zein den aukeratu duen argazkia (argazkiaren eta argazkilariaren izenak idatzita).
- Bi kategoria izango ditu lehiaketak: sms bidezkoa (160 karaktere gehienez) eta posta elektroniko bidezkoa (100 hitz gehienez).
- Testuak euskaraz idatzita egon behar dira, euskara batuan edo edozein euskalkitan.
- Edozein testu mota onartuko da (prosa, olerkia, bertsoa…).
- Oinarriak, argazkiak eta informazio guztia, non?
www.egizu.org/literatuta/argihizkiak
argi.hizkiak@gmail.com
619 935 541

Getxoko Liburu Azoka: zinearen mundua
Apr 18th
Ostiralean, apirilak 20, Liburu Azoka izango da Getxon berriro ere. Datorren astelehenera arte udal liburutegiek antolatutako ekimen horrek bertoko hamar liburu-dendaren etxolak eta hainbat jarduera, hartuko ditu. Azken horiek zinearen mundua izango dute ardatza aurten. Azokaren ordutegia 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara izango da, ostiralean eta astelehenean izan ezik. 20an, arratsaldez soilik irekiko da; 23an, berriz, ordubete lehenago itxiko da arratsaldean.
Azokan, bisitariek liburuen, komikien eta haurrentzako ipuinen azken nobedadeak erosteko aukera izango dute. Halaber, jarduera anitz izango dira: ipuin kontaketak, tailerrak, film laburren proiekzioa, hitzaldia, ikasle getxotarren ohiko jendaurreko irakurketa eta egileen sinatze-saioak, besteak beste. Horiez gain, udal Immigrazio Arloaren eta Euskara Zerbitzuaren eskutik kultura anitzen kondairen eta mitoen inguruko postu bat egongo da.
Ohi denez, Kultur Etxeko liburutegiek beren gunea izango dute azokan. Horrela, irakurleei liburuak mailegatzeko aukera eskainiko zaie, eta etxera eraman ahal izango dituzte. Halaber, umeek eta gazteek komiki eta ipuin interesgarriak aurkituko dituzte bertan irakurri ahal izateko.
Beheko irudian, programa osoa kontsultatu ahal duzu:
“Emakume ahotsak”: solasaldia eta irakurketa gida
Feb 24th
Ostiralean, hilak 24, Josune Muñoz-en eskutik, “Voces de mujeres: ¿qué leen las mujeres de Asia, África, Oriente Medio?” izeneko irakurketa gida eta solasaldia aurkezten dugu, Villamonteko Kultur Etxean (Algortan). Gida Skolastika-k eta Fundeso-k argitaratu du, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzaz.
Literatura, hitz egindakoa nahiz idatzitakoa, ezagutzarako tresna erabilgarria da. Hurbilen eta urrunen daukagun errealitateari buruzko informazio-iturri handia izateaz gainera, horri buruz hausnarketa egiteko aukera ematen du. Liburuen bidez, urruneko kulturetara hurbiltzen gara, eta gurekin esperientzia eta tradizio aldetik zerikusirik ez duten pertsonekin bizipenak konpartitzen ditugu.
Gida honen helburua, bada, egileen literatura lanen bidez Afrikako, Ekialde Ertaineko eta Asiako emakumeen errealitatea ezagutu dadin bultzatzea da. Liburu horiek, sarri, ezezagunak edo eskuratzeko sailak dira; baina ezagutzera emanez gero, herrialdeen eta kulturen artean hain beharrezkoa den esperientzien eta ezagutzen trukean lagun daiteke.
Gida doan banatuko da solasaldian; baina, ezin baduzu etorri eta gida interesatzen bazaizu, Villamonteko Liburutegian eskatu.
Noiz: otsailaren 24an
Ordua: 19:00etan
Non: Villamonteko Kultur Etxean (metro Algorta, Bolue irteera)
Getxoko komiki eta manga azoka
Nov 18th
Azaroaren 25etik 27ra, 10. Komiki eta Manga Azoka dator Getxora berriro ere, binetaren mundua ekartzeko asmoz. Hiru egunez, erabateko protagonista bilakatuko da komikia Areetako Geltokia plaza. Bertan 80 salmenta postu baino gehiago kokatuko dira. Horietan komiki-dendak, liburu-denda espezializatuak, aldizkariak, fanzineak, argitaletxeak eta bederatzigarren arteari loturiko zenbait sektore egongo dira. Esparru komertzialaz gain, hainbat ekitaldi egingo dira hiru egunetan zehar. Hori dela eta, komikizaleek ezinbesteko topagune izango dute Getxon.
Aurtengo azokan Max edo Paco Roca bezalako autoreak egongo dira, biak ere Komikiaren Sari Nazionalak. Aurtengo Komiki Sari Nazionalaren irabazlea ere etorriko da Getxora, Santiago Valenzuela hain zuzen ere. Egile donostiarra pasa den astean jaso zuen saria eta, horiek horrela, Getxon sari ospetsu horren hiru irabazle bilduko dira lehenengo aldiz. Horiekin batera, honako egile hauek ere izango dira, Luis Royo fantasia-ilustratzailea, David Rubín, Mireia Pérez, Nancy Peña, Manuel Bartual, Luis Bustos, Albert Monteys, Manel Fontdevila, Víctor Santos eta beste asko.
Jardunaldi hauek bultzatzeko asmoz, Getxoko Liburutegiok egile horien komikirik garrantzitzuenak bildu ditugu Villamonteko liburutegian; horietariko batzuk beheko aurkezpenean ikusi ahal dituzu . Baina gure helduentzako komiki bilduma osorik ikusi edo/eta erabilgarritasuna kontsultatu nahi baduzu, egin klik hemen.
Liburu aurkezpena:”Sonetos como sueños”
Nov 16th
Aste honetan, Villamonteko Liburutegian, Sonetos como sueños izeneko disko-liburua aurkeztuko dugu.
Siarte ediciones, io7 artista-taldearen laguntzaz, irakurlearentzako opari bihurtu nahi du Sonetos como sueños, baita sonetoen egilea den Jesús Rodríguez Duandikoetxearentzat ere.

Jesús poeta berria da, disko-liburu honekin Siarte argitaletxeak ezagutarazten duena, baina hainbat alditan kolaboratu du jakintza-alor anitzeko lan honetan modu batez edo bestez parte hartu duten kideen proiektu artistikoetan.
Sonetos como sueños bada disko-liburu atipikoa: egile ezezaguna, 8 artista oso ezberdinen unibertso grafikoz apaindutako 54 soneto, errezitatutako poemen laguntza duen musika… Zoramena? Baliteke…
Aurkezpena bera ere “atipikoa” izango da, olerki errezitaldia ere izango baita: Fernando González Córdoba (rapsoda, beste zeregin batzuen artean) izango da gure artean, zuzenean errezitatuko dizkiguna liburuko zenbait soneto.
Baina argitaletxea zoramenean murgildu da desio batekin, hots, irakurle bakoitzak zerbait ezberdina aurki dezan orrien artean, haize-bolada freskua: artea, poesia, musika eta, lehen esan bezala, iradokizun, hausnarketa, oroitzapen, emozio itxurako oparia…
Siarte ediciones-ek liburu berri “ezberdinak” kaleratuko dituela agindu du… adi egon!
Hitzordua: Azaroaren 18an, ostiralean
19:30etan
Algortako Kultur Etxean
“…Poner pasión, y en el tránsito leve,
llegar a comprender lo que nos mueve
antes de convertirnos en ceniza.”
Kolonbiari buruzko jardunaldiak
Oct 14th
Urriaren 17ik 29ra Kolonbiari buruzko jardunaldiak izango dira Getxon. Ekimen hori Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuaren “Liburutegiak, topaleku” programa barnean dago eta honako hauek ditu helburu nagusiak: hainbat udalerritan presentzia handia duten immigrante kolektiboen kultura zabaltzea eta azken hauei zenbait euskal udalerrietako liburutegi zerbitzuak ezagutzera ematea. Aurreko urteetan Bolibia eta Filipinak izan ziren jardunaldien ardatza eta aurten kultura kolonbiarra izango da erabateko protagonista. Getxoko udal liburutegien eta Immigrazio Arloaren eskutik hainbat jarduera izango dira jardunaldietan.
Hamahiru egunetan zehar, tailerrak, zine-forum saioak, erakusketa, hitzaldia, ipuin kontaketak eta dantzak izango dira, besteak beste. Jarduera horiek guztiak zenbait kolektibok bultzatuta daude, esaterako, Kolektiba Colombia, Justicia por Colombia Elkartea, Emigrad@s sin Fronteras, AHISLAMA eta ASOCOLVAS (Euskadiko Kolonbiarren Elkartea).
Aurtengo programa datorren astelehenean, urriak 17, hasiko da, “Amazonia: Tradizioa eta modernitatea” erakusketaren eskutik. Horren bidez jendea sentsibilizatu nahi dute antolatzaileek Amazonasen eskualdeko errealitatearen inguruan. Argazkiak eta Brasilen eta Kolonbiaren arteko mugan bizi den Ticuna herri indigenak eginiko eskulanak egongo dira ikusgai. Astelehenean ere “Volver a nacer” dokumentala proiektatuko da. Unión Patrióticaren historia aztertzen du filmak. Kolonbiako gobernuak eta FARC-ek 1984. urteko su-etena adostu ondoren agertu zen talde hori, gatazkari irtenbide baketsua emateko asmotan. Proiekzioa amaitu eta gero, foruma hasiko da ikusleak filmaren gaiaz mintza daitezen.
Asteazkenean, urriak 19, Iván Forero soziologo eta historialaria “Los desafíos para el desarrollo y la paz: Relaciones bilaterales España-Colombia” hitzaldia emango du. Horretan, Espainiaren eta Kolonbiaren arteko harremanen bilakaera historikoa aztertuko du, XV. mendean hasita egungo globalizazio testuinguru berrira arte.
Urriaren 26an, asteazkenean, zine-forumaren beste saio bat izango da. Horretan, “Los colores de la montaña” eskainiko da. Filmean, Kolonbiaren barneko konfliktoa gerturatzen zaio ikusleari, ume batzuen adiskidetasun istorioaz baliatuta. Biharamunean, 27an, haurrentzako ipuin kontaketa izango da Nelson Calderón kontalariaren eskutik: “Cuentos con sabor a guayaba”, hain zuzen ere. Horretan, gehienetan animaliak protagonista dituzten Kolonbiako eta Amerikako herri kontakizun laburrak izango dira nagusi.
28an, ostiralean, Kolonbiako mito eta kondairen tailerra izango da, María del Rosario Vásquez Sepúlvedaren eskutik, familia osoarentzat. Tailerrean herri irudimenetik sortutako istorio eta pertsonaiak aztertuko dira. Azkenik, urriaren 29an Jardunaldiek agur esango dute bi ekitaldirekin: batetik, helduentzako Kolonbiako gastronomia tailerrean eta, bestetik, Maguaré dantza taldeak eskainiko duen tradiziozko dantza ikuskizunean. Aipatutako jarduerez gain, eta Jardunaldiak direla eta, udal liburutegiek gida bat argitaratuko dute Kolonbiako egileak eta Kolonbiaren inguruko liburuak, filmeak eta diskoak biltzen dituena. Material hori guztia Villamonteko liburutegian eska daiteke maileguan hilabete osoan zehar.
(Egin klik irudian egitaraua ikusteko)
GETXO PHOTOz jantzita
Sep 7th
Ondoz ondoko bosgarren urtez, Getxo itxuraz aldatzen da GETXOPHOTO argazki jaialdiari esker; horrela, irailaren 1etik 30era bitartean, herriko kaleak eta eraikinak neurri handiko argazkiez apainduko dira.
Ekintzaz betetako hilabete honetan, Torrene Aretoko informazio gunean, parte hartzen duten argazkilarien liburuak begiratu ahal izango ditugu. Jaialdia amaitu ondoren, liburu horiek udal liburutegietara joango dira.
Horrezaz gain, liburutegiok jaialdia bultzatzen dugu; horretarako, San Nikolaseko Liburutegian argazkigintzari buruzko liburuak eta ikus-entzunezkoak izango ditugu ikusgai; baina askoz gehiago dugu. Gaiari buruz Getxoko Liburutegietan eskuragarri dagoen guztia ezagutu nahi baduzu, egin klik hemen.
Gainera, “Zaharrei gorazarre” GETXOPHOTOren goiburua geurea egiten dugu, zaharrak protagonista diren liburuak (eleberriak, ipuinak eta komikiak) eta pelikulak eskainiz. Liburu horiek San Nikolaseko liburutegian ikus daitezke, eta maileguz eraman daitezke etxera.
Izenburu guztiekin Irakurketa gida prestatu dugu; ez da sako-sakona, baina bai bizitzaren aro hau ikuspuntu ezberdinetatik aztertzen duten izenburu erakargarriak ematen dituena..
Liburuek eta filmek zahartzaroaren gaineko gaiak jorratzen dituzte: heriotzaren beldurra, bakardadea, hondatze fisikoa, abandonua…, baina baita berreskuratutako ilusioa, aukera berriak, eta bizitza amaitu arte bizitzeko erabakia ere.
Liburu solidarioak Getxon
Jun 2nd
Gaur, ekainak 2, Bigarren Eskuko Liburu Azokaren 6. edizioa hasiko da. Ekimen hori, Getxoko Liburutegi Zerbitzuak antolatuta, hilaren 5era arte egongo da zabalik, Algortako Geltokia plazan. Ohi bezala, bildutako dirua hezkuntza proiektu batean erabiliko da. Aurten, Nikaraguara bideratuko da, Educación Sin Fronteras GKEren bitartez. Azokaren ordutegia honako hau izango da 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Igandean, ekainak 5, goizez irekiko da soilik.
Horrela, lau egunean zehar, bisitariek hainbat gaitako liburuak erosteko aukera izango dute. Salmentan jarriko diren liburuak partikularrek liburutegiei emandakoak dira. Liburu guztiek prezio sinbolikoak izango dituzte, euro bat inguru.
Aurten, 17.000 bat liburu salduko dira, udal liburutegiei emandakoak. Horiek guztiak banan-banan aztertzen dira, liburutegien bildumari zeintzuk gehitu dakizkiokeen erabakitzeko.
Udal liburu-bildumara pasatzen ez diren hainbat liburu interesgarriak gerta daitezke publikoarentzat eta, hori dela eta, udal liburutegiek saltzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Bigarren Eskuko Liburu Azoka.
Aurreko ekitaldian 13.000 bat liburu saldu ziren bertan eta onarpen zabala izan zuen ekimen hori.
“El corro de las niñas, el círculo de las mujeres”, Mari Cruz Garrido
May 23rd
LIBURU AURKEZPENA
Kultur Etxeko Liburutegiok oso liburu berezi baten aurkezpenera gonbidatzen zaituztegu:
“EL CORRO DE LAS NIÑAS, EL CÍRCULO DE LAS MUJERES: un repaso al juego del corro desde sus orígenes como elemento de la cultura femenina”
Lan hau ikerketa luze eta lan sakonaren ondorioa da. Lan honez bidez, emakumeek eta neskek kaleetan eta plazetan abesten zituzten abestiak herriko kantutegitik berreskuratu eta bildu ditu Mari Cruz Garridok, altxor hau galdu aurretik gordetzeko eta gogorarazteko asmoz.
Baina Mari Cruz Garridoren liburuaren ekarpenik onena zera da: analisi historikoa, antropologikoa, literarioa eta hausnarketa feminista argia. Liburu hau, ziur aski klasiko bihurtuko da gai horretan. Umore eta informazioz beteta dagoen liburu hau, idazleak berak aurkeztuko digu datorren ASTEARTEAN, HILAK 24, arratsaldeko 7etan, Villamonteko Kultur Etxean. Sarrera dohainik.
Nola aldatu den Geltokia plaza!
Mar 31st
Martxoaren 31tik apirilaren 3ra bitartean, azken hamarkadetan Algortako Geltokiko plaza nola aldatu den irudietan ikusteko aukera izango duzu.
Plaza berean, eta Kultur Etxeko Liburutegiek antolatzen duten Liburu Azokako ekintzen artean, 70 argazki inguruk Algortako kalea gogorarazten digute, ia autorik ere ez zegoenekoa edota lagunen eta lagun-taldeen bilgunea zenekoa. Geltoki zaharraren irudiak ere ikus daitezke, kantinarenak, gaur egun existitzen ez diren dendenak, metroa eraikitzeko lanenak, eta Algorta Ikastetxeko ikasleenak (zuzendariaren izenez ezaguna zen Don Pablo Akademiako ikasleenak).
Argazki hauek guztiak hementxe bertan ikus ditzakezu, baina datak, pertsonene izena eta beste datu batzuk plazaren irudietan soilik ikusi ahal izango dituzu.
Argazkiren baten kopia lortu nahi baduzu, bidali e-maila San Nikolaseko Liburutegira sannikolas.liburutegia@getxo.net,











