Gobela, San Nikolas, Villamonte
Ikus-entzunezkoak
Martxoak 21: Arrazakeriaren kontrako nazioarteko eguna
Mar 22nd
Getxoko Udalak, Getxoko Etorkinak Plataforma osatzen duten elkarteekin batera, eta CEAR Euskadi eta SOS Arrazakeria Bizkaia elkarteen parte-hartzearekin, aurten ere, martxoaren 21ean, Arraza Diskriminazioaren aurkako Nazioateko Eguna ospatuko du, honako lemapean: “ANIZTASUNAREN ALDE, DISKRIMINAZIOAREN AURKA”. Horretarako, hainbat ekitalde antolatu dituzte, haien artean “ZUBIAK 2012″: aniztasunaren aldeko, arrazakeriaren kontrako film laburren lehiaketa.
ZUBIAK, bere ibilbideko lehenengo urtean, kalitate handiko lanak jaso ditu, hainbat herrialdeetatik etorrita. Horietan, migrazioekin, asilo eta babesarekin, elakrbizitzarekin, legeekin, arrazakeriarekin eta indarkeria eta diskriminazioarekin lotutako gaiekin heltzen zaie.
Lehiaketarako hautatutako film laburren proiekzioak: astearte eta asteazkena, martxoak 27 eta 28, Kultur Etxean (Villamonte A-8, Algorta) 19:30-21:30 Film laburri hoberena bozkatuko da publikoaren saria erabakitzeko.
Sari-banaketa eta film labur irabazleen proiekzioa: Ostirala, martxoak 30, Andres Isasi Musika Eskolan (Las Mercedes 6, Areeta) 19:30-21:00, Sariak eta proiekzioak ; 21:30: EL HAVRE proiekzioa (zuzendaria, Aki Kaurismäki) (Prezio publikoa: 2,90 € ; proiekzioetara bertaratzen direnak: doaneko gonbidapena).
Gainera, gai horri buruzko zinema interesatzen bazaizu, Getxoko Liburutegiek egindako Gidan proposatzen ditugun film eta liburuak ikustera gonbidatzen zaitugu. Gida lotura honetan dago.
Zinema musikala
Mar 6th
Zinema musikala genero zinematografikoa da. Horretan pelikulek badaukate eten bat garapenean, interpretazio musikalak koreografiarekin batera sartzeko. ez dago beste generorik hau bezain amerikarra, ezta western-a bera ere. “El cantante de jazz” izan zen lehenengo pelikula musikala. Musikala apurka-apurka puri-purian jarri zen eta 1929an Harry Beaumontek “La melodía de Broadway“rekin Oscarra lortu zuen. 30eko hamarkadan genero hau zinema beltzarekin batera publikoaren gogokoena bihurtu zen.
40ko hamarkadan Gene Kelly ospetsua agertu zen, eta berarekin musikala zinemaren gorenean kokatu zen. adibide gisa “Un día en Nueva York” dugu. Filmazioak kalera atera ziren ata musikalak adin-nagusitasuna eskuratu zuen. 50eko eta 60ko hamarkadetan modan jarraitu zuen, Elvis Presley, Frank Sinatra, eta Vicente Minellirekin, besteak beste. Paregabeko pelikukak egin ziren: “West side story“, “Cantando bajo la lluvia“, “Un americano en Paris“, “Mary Poppins” eta abar. Hurrengo hiru hamarkadetan zinema musikala indargabetu egin zen, publikoak eta produktoreek alde batera utzi zutelako. Garai horretako salbuespena Bob Fosse zen. Berari esker “Cabaret” eta “All that jazz“.
1996an eta Alan Parkerren eskutik, “Evita” pelikularekin, generoa berpiztu egin zen. Pixka bat geroago, arrakasta handiarekin “Moulin Rouge“estreinatu zen. “High school music“ek, “La sirenita“k, “Mamma mia“k edota “La bella y la bestia“k generoak gaur egun duen osasun ona erakusten digute. Getxoko liburutegietan dauden pelikulak ikusi nahi badituzu sakatu hemen.
Zein eder Mona!
Mar 1st
Madonna – Monna – Mona… gaur egunera arte pentsatzen zen Mona Lisa-ren bi erretratu zeudela: jatorrizkoa, Leonardo Da Vinci-rena eta Marcel Duchamp-ena, margolari dadaistarena. Azken honek aurreko maisulanaren parodia egin zuen postal baten eta izenburu probokatzailea jarri zion: LHOOQ. Frantsesez letreiatua hurrengo soinua izango luke “elle a chaud au cul”, hitzez hitzeko itzulpena: hark sua du ipurdian, hau da, bero-bero dagoela.
Honek bide eman zion POR ART estiloari. Duchamp-ek “apropiacionismo” deritzona egiten du, hots, lan batez jabetzen da, klasiko batez gehienetan, eta beste berri bat sortzen du, baina bertsio hausle baten ikuspuntutik.
Duela gutxi, Madrilgo Prado museoan Mona Lisa-ren erretratu berri bat dagoen albistearekin gosaldu genuen: Leonardo-ren adinkidea eta garaikidea.
Adituen arabera, zalantzarik gabe, Da Vinci-ren tailerrean egindako artelan bat da, aurrekoaren dizipulo batek eginda segur aski. Horretarako jo behar izan dute “expertizaje” teknikara; hau, artelan ezezagunak, egile, eskola edo mugimendu zehatz bati esleitzean datza. Teknika berri eta sofistikatuei esker ondorio ausartetara ailegatzen dira.
Orain dagokion galdera zera da: zenbat denbora eman behar da irribarre berri bat agertzeko jatorrizkoarekin lehiatzeko?
Aurrean esandakoarekin, bakarrik Getxoko liburutegien erabiltzaileen interesa piztu nahi dugu, zeinen gordailuetan arte-altxor imprimatuak eta ikus-entzunezkoak gordetzen baitira: Rafael, Rembrand, Caravaggio, El Bosco, Goya, Miguel Angel, Gauguin, Delacroix, Giotto, Durero…horietato batzuk baino ez dira.






Krisiari buruzko ikuspuntu ordezkoak
Feb 15th
Krisia, atzerapena, crack-a, liberalismoa, gastuaren murrizketa, zor publikoa, shock-a… Egunero mota horretako hitzekin bonbardatzen gaituzte, aurretik guretzat arrotzat diren hitzekin, ekonomialarien munduari zegozkiolako, baina, azken bolada honetan, dena zipriztintzen dutenak, nahitaez.
Hainbat liburu eta pelikula bildu ditugu, guztiak krisiari buruzkoak, baina guztiek beste ikuspuntu batzuk eskaintzen dizkigutenak, ofizialak ez direnak. Gure asmoa zera da: krisiari buruz hitz egiten dutenean zertaz ari diren, baita zeintzuk diren horren arrazoi eta ondorioak ere jakinaraztea… irakurri edo ikusi ondoren, bakoitzak hausnartzeko eta bere ondorio propioak ateratzeko. Guztiak Getxoko Liburutegietan dituzu eskuragarri (azalan dagoen gezian klikatu erabilgarritasuna jakiteko).
Naomi Klein-ek “La doctrina del shock” liburuan (dokumentala ere badago) zera defendatzen du: boteretsuak shock (larrialdi) egoera bat sortu edota horretaz baliatzen saiatzen dira, lege neurriak eta erabaki ekonomikoak onartzeko; erabaki horiek, beste une batean onartuezinak izaten dira gogorregiak direlako, baina shock-a aitzakia hartuta… Hala ere, estrategia hori eraitsi daiteke: jendea jakinaren gainean dagoenean, politika horrek nora eramango gaituen dakienean, ez dagoela ados erabaki ahal du eta, horrela, estrategia agerian geratzen da.
Beraz, komeni zaigu gaurko egoera ekonomikoaz konturatzea, eztabaidatzea, eta gure izaera kritikoa garatzea, ez duzu uste?
Proposatzen dizkizuegun liburu eta pelikulez aparte, oso blog interesgarri batzuk ere badaude; adibidez: “No le digas a mi madre que trabajo en Bolsa”, Francisco Álvarez ekonomialariarena; “La Bolsa y la vida” izeneko irrati-tartean ere entzun dezakezu (larunbatero, 10:00etan), Radio Nazionaleko “No es un día cualquiera” irrati-saioan.
Orlando furioso
Feb 10th
Kontratenorraren ahotsa ez da funtsean garbia, airea laringearen bidez ateratzen da, nota faltsuak sortuz. Horri falsettoan kantatzea deitzen zaio eta teknika konplexu bat menperatzean datza, zeren eta abeslariak soinu guztiak modulatu eta eraldatu egin behar dituen, eta nota grabeak nahiz agudoak beti geratzen dira ezkutatuta.
Adituek diotenez, ez dira doinu puruak, baizik eta gozakaiztuak (faltsuak).
Emaitza oso interesgarria da: pentsa dezagun gizon bat emakume ahots batekin kantatzen. Arraroa hasieratik bukaeraraino!
Aurrean aipatu dugun guztiak badu zerikusirik “castrati” izeneko haurrekin. Horiei euren atributuak mozten zizkieten, ahots zuria eta gardena gordetzeko asmotan.
Konpositore barrokoek, Antonio Vivaldi adibidez, hainbat opera konposatu zituzten ahots zurientzat, baina XIX. mendea hasi bezain laster gainbeheran erori ziren; ahots argiaren eta garbiaren erabilerak bilakaera izan zuen eta mota horretako kantuen zaletasunak ere bai.
Gaur egun, arraroa iruditzen zaigu doinu horiek izan zuten onarpena eta prestigioa eta nerabe askok jasan zuten, euren gorputzetan, sarraskia (egia bada ere, gutxi ziren benetan arrakasta lortu zutenak). Baina opera horiek ez dira galdu eta asko gorde egin dira ahots sakoneko emakume abeslari, mezzo-soprano eta kontratenorreen errepertorioetan. Horren adibide da Carlos Mena, gasteiztar tenorra, Bilbon egongo dena abesten kontratenorren ahotsaren goren unea gogorarazten.
Romeo et Juliette
Nov 25th
Frantziako Rivieran borondatezko bi urteko itxialdi baten, Gounod konposatzaileak “Romeo et Juliette” opera idatzi zuen, egun, hirurogei OLBE-ABAO denboraldian barruan, euskalduna Juaregian antzeztuko dena.
Frantziarrek ilusio handiz jaso zuten, baina Europako gainerako entzuleek ez, ziurrenik, konposizioaren konplexutasunarengatik.
Musikak eta ekintzak, maitaleengan oinarrituta daude, eta bigarren mailako abeslari talde batez eta abesbatzaz lagunduta egon arren, karga guztia hauen gainean dago. Beraz, ezinbestekoa da tenorra eta sopranoa bikaineko abotsak izatea. Konplexutasun horri dagokionez, egoera hori ez da beti gertatzen, eta ondorioz emanaldia zertxobait gogaikarri suertatzen da.
Aukera paregabea eskeitzen digute, abesti bikainak (hala nola “Ah! Je veux vivre” eta “Ah lève-toi soleil”) dastatzeko; duo lirikoak eta dramatikoki indartsuak; eta nahitaezko balleta (Parisko publikoak eskatzen baitzuen). Eginkizuna dotoreziaz apainduta dago, hau baitzen egile honen ezaugarri.
Gounod eta Bizet-ekin iritsi zen Frantziar Belcantismo gainbehera, gidoiak jarraipena izan arren, kantuak bilakaera eta aurrerapena izan zuen, apaingarri gutxiagorekin eta azken finean ahots errealistagoekin, Verismoari bide emanez.
Esango dizuet ere, esan behar delako, opera DVD hau Gobelako mediatekan jasotako dohaitza izan dela eta London Royal Opera House-n grabatu zela 1994an. Bi protagonistak generoan nagusiak dira: Roberto Alagna eta Vaduva Leontina; Alagna tenorea ezaguna bere ahots tinbre aberatsarengatik eta beldurtuta irten zelako ekitaldi baten erdian Milango La Scala aretotik 2006.urtean. Ordezkoak irten behar izan zuen kaleko arroparekin eta makillajerik gabe, premiazko egoera bait zen.
Shakespeare inspirazio bikaina izan zen konpositore erromantikoentzat. “Romeo and Juliet” idazlanean maitasuna gailentzen da beste gauza guztien gainetik, eta hori islatzen dituzte Gounod-en abestiek eta hitzek (“…le coeur cède a l´amour…”, “…le bonheur fuit sans retour…”), gure sabelean sentiarazten ninduten tximeleten hegaldiak…..ahhhhhhhhhh……!!!!!
GETXO PHOTOz jantzita
Sep 7th
Ondoz ondoko bosgarren urtez, Getxo itxuraz aldatzen da GETXOPHOTO argazki jaialdiari esker; horrela, irailaren 1etik 30era bitartean, herriko kaleak eta eraikinak neurri handiko argazkiez apainduko dira.
Ekintzaz betetako hilabete honetan, Torrene Aretoko informazio gunean, parte hartzen duten argazkilarien liburuak begiratu ahal izango ditugu. Jaialdia amaitu ondoren, liburu horiek udal liburutegietara joango dira.
Horrezaz gain, liburutegiok jaialdia bultzatzen dugu; horretarako, San Nikolaseko Liburutegian argazkigintzari buruzko liburuak eta ikus-entzunezkoak izango ditugu ikusgai; baina askoz gehiago dugu. Gaiari buruz Getxoko Liburutegietan eskuragarri dagoen guztia ezagutu nahi baduzu, egin klik hemen.
Gainera, “Zaharrei gorazarre” GETXOPHOTOren goiburua geurea egiten dugu, zaharrak protagonista diren liburuak (eleberriak, ipuinak eta komikiak) eta pelikulak eskainiz. Liburu horiek San Nikolaseko liburutegian ikus daitezke, eta maileguz eraman daitezke etxera.
Izenburu guztiekin Irakurketa gida prestatu dugu; ez da sako-sakona, baina bai bizitzaren aro hau ikuspuntu ezberdinetatik aztertzen duten izenburu erakargarriak ematen dituena..
Liburuek eta filmek zahartzaroaren gaineko gaiak jorratzen dituzte: heriotzaren beldurra, bakardadea, hondatze fisikoa, abandonua…, baina baita berreskuratutako ilusioa, aukera berriak, eta bizitza amaitu arte bizitzeko erabakia ere.
San Nikolas Liburutegiko DVD helduberriak
Jun 16th
Aste honetan, erosketa-saskiak denetarik dakar: dokumentalak, zinema mutua, eta 30, 40, 50 eta 60ko hamarkadetako zinema. Hasiko gara?
“Egipto, Grecia eta Roma artean“, historiazaleentzat 2 DVD: “Herakleión: el templo perdido de los dioses egipcios” eta “Cuando Roma conquistó Egipto”
“Masaje infantil“ familientzat da, jaioberriei masajeak nola eman ikasteko, Mercé Cazes adituaren eskutik.
“La danza“k Pariseko Opera Balletaren entseguen egunerokotasuna erakusten du; ballet hori munduko onenetariko bat da.
“Cómo cocinar tu vida”k zen-filosofia elikaduran nola erabili azaltzen digu; Edward Espe Brown zen-maisuaren sukaldaritza klase baten bidez.
“Sympathy for the devil” Jean-Luc Gordad-ek zuzendutako dokumentala da, 60ko hamarkadaren amaierako kontrakulturari buruzkoa. Horretan oinarrituta, 1968ko Rolling Stones-en grabaketaren prozesua grabatu zuen zuzendariak.
“Rumi: poeta del corazón”ek oso istorio sinestezina kontatzen du: XIII. mendeko poeta mistiko persiar bat Amerikan eta mundu osoan poetarik salduena nola bihurtu zen.
“When you´re strange”: Jim Morrison-i eta The Doors-i buruzko dokumental erakargarria, Johnny Deep-ek kontatua. Nahiz eta ingelesez eta azpititulatuta egon, gaztelaniazko audioaren falta ez da nabaritzen.
“El hundimiento de la casa Usher” 1928. urteko beldurrezko pelikula mutua da, ziur aski Jean Epstein zuzendariaren ezagunena; Edgar Allan Poe-ren ipuinetan oinarrituta dago.
Komediaren eta dramaren artean, “Los alegres vividores” (Richard Vallace, 1938) pelikulak Carleton familiaren gorabeherak kontatzen ditu. Familia hori gezurretik eta maulatik bizitzen ohituta dago.
“La jaula de oro” (Frank Capra) komedia erromantikoa 1931koa da, New York-eko kazetaritzaren munduko parodia, Depresio Handiaren garaikoa. Pelikula horretan Jean Harlow-ek bere burua ezagutzera eman zuen; eta, bitxikeria moduan, Robert Williams aktore protagonista, estreinalditik lau egunera hil zen.
“El lobo de mar” (Michael Curtiz, 1941), Jack London-en ipuin batean oinarrituta, abentura eta misterioa uztartzen dituen pelikula da. Edward G. Robinson-ek itsasoan galdutako bi lagun jasotzen dituen itsasontzi baten kapitaina antzezten du.
Michael Curtiz-en beraren “El halcón del mar” (1940) pelikulan, Errol Flynn bere giroan ikus dezakegu: piratak, ezpatak, kanoikadak… abenturazko zinemaren osagai guztiak.
“Gilda” (1946): ez du iruzkinik behar, ezta?
“Anastasia” (1956) filmak Yul Brynner eta Ingrid Bermang ditu protagonista. Nikolas II. tsarraren alaba 1918. urtean Romanov familiaren exekuziotik bizirik atera al zen?
“El milagro de Anna Sullivan” (1962), benetako gertaeretan oinarrituta dago: irakasle bat neska itsu eta gor bat hezten saiatzen da.












