Gobela, San Nikolas, Villamonte
Haur-gazteentzakoak
Maiteminduentzako liburuak
Feb 6th
Egun batzuk barru, otsailaren 14an hain zuzen, Maiteminduen Eguna ospatzen da. Ez dugu inolako kontsumismorik bultzatu nahi, ezta inork sentimendu zintzo honen bidez negozioa egitea ere. Gurea oso bestelakoa da: liburuak eta irakurgai onak.
Titulu batzuk gogorarazi besterik ez dugu nahi; umeentzakoak eman arren, haien azal samurraren azpian, benetan mamitsuak dira.
Kolore anitzeko istorioak dira, zure maiteari… edo maiteminduta dauden lagun batzuei oparitzekoak. Istorio hunkigarriak, irribarre egitekoak, konpartitzekoak…
Liburu sorta txiki bat baino ez da. Baina amodiozko eleberri bat irakurri edo pelikula erromantiko bat ikusi nahi baduzu, egin klik loturan (edo apalategietan bertan bilatu bihotz gorriaren irudia), Getxoko Liburutegietan eskurragarri dauzkagun guztia ikusteko. Eta amodioari buruzko ipuinen iradokizuna gustukoa baduzu, beste lotura honek lagunduko zaitu.
Haurrentzako liburu berriak
Jan 19th
Gure haurrentzako liburu sorta berriaren eredu batzuk hemen aurkezten dizkizuegu, ez daude denak, eskaintza askoz zabalagoa delako, guztiak ezagutu nahi badituzu, klikatu hemen eta Villamonteko edo Gobelako liburutegietara hurbildu zaitezte, maileguan hartzeko.
On egin!
Sep 27th
Sarritan, seme-alabei janaraztea tortura bihurtzen da, bai gurasoentzat, bai txikientzat. Getxoko liburutegietan konponbidea aurki daiteke: hainbat menu dibertigarri eskaintzen ditugu umeek ondo pasatzeko jaten duten bitartean. Errezeta gozoak eta errazak aurkituko dituzu seme-alabekin janaria prestatzeko. Horren bidez, seme-alabak sukaldaritzaren mundu zoragarrian sartuko dira. Gai horretan interesik baduzu klikatu hemen eta…On egin!
Eskolan berriro
Sep 15th
Uda bukatzeaz batera, ikasturte berria hasi dugu. Berriro etxerako lanak, azterketak,…, baina baita betiko lagunak berriz ikusi eta beste batzuek ere egin, eta gauza pila ikasi.
Oporrak amaiturik, udako alferkeria astindu eta berriro bakoitza bere ohiko betebehar eta ordutegira bueltatzeko garaia iritsi da. Milaka ikaslek hasi dute ikasturte berria. Txikienentzat eskolara bueltatzea gogorregia ez gertatzeko, Villamonteko liburutegitik laguntza txiki bat eskaini nahi dizuegu, eta ipuin batzuk aurkezten dizkizuegu umeei kontatzeko. Liburu horietan agertzen diren umeek ere eskolara itzuli behar dute, batzuek gogo handiz, eta beste batzuek ez hainbeste.
![84-8331-232-8_g[1]](http://liburutegiak.blog.euskadi.net/getxo/files/2011/09/84-8331-232-8_g11-150x150.jpg)
![8482635301[1]](http://liburutegiak.blog.euskadi.net/getxo/files/2011/09/84826353011-150x150.jpg)
![9788420469331[1]](http://liburutegiak.blog.euskadi.net/getxo/files/2011/09/97884204693311-150x150.jpg)
![9788484881117_L38_04_m[1]](http://liburutegiak.blog.euskadi.net/getxo/files/2011/09/9788484881117_L38_04_m1-150x150.jpg)
Babette Cole
Mar 30th
Gaur egunean, umeentzako gelan topa ditzakegun ipuinek ez daukate zerikusirik antzina zeudenekin. Klasikoak, oraindik ere, egon badaude gure apalategietan, baina gaurko ipuinak politikoki zuzenak izaten dira (Txanogorritxoren otzaran ez dago eztirik, gantz gutxiko jakiak baizik…).
Baina, umeentzako literaturaren barruan, gaur egunean, konbentzionalismoaren kontrakoak direnak ere badaude, dibertigarriak eta freskoak, hezkuntzarako tresna bihurtzen direnak.
Babette Cole-ren liburuak, esandakoaren erakusgarri dira. Bera idazle eta marrazkilari dibertigarria eta zirikatzailea da. Bere liburuetan gai zailak eta polemikoak darabiltza, batez ere, kontuan hartzen badugu 12 urte baino gutxiago dutenentzako liburuak direla. Baina Babette Cole-k gai batzuez hitz egiteko, umorez beteta beti aurrera egitea lortzen du, ausardia eta naturaltasun osoz. Egiazalea, umeak bizitzarako prestatzearen aldekoa da, eta horretarako, errealitatearen ezaguera oinarrizkoa dela uste du.
Getxoko liburutegietan, Cole-ren liburuen artean, honakoak aurkitu ditzakezue: “Mamá no me contó” (bertan, homosexualitateaz, hilabete bukaerako diru faltaz, eskola-porrotaz, …dihardu naturaltasunez). Dena den, noraino sakondu gurasoen esku geratuko da.
“Pelos por todas partes” izeneko liburuan, umeak heldu egiten dira hormonei esker, eta horregatik, ilea agertzen da leku guztietatik, pikorrak ere bai…,”Estirar la pata”, (heriotzari buruzkoa)….sakatu hemen , dauden guztiak ikusteko.
Umorez betetako liburu hauek lagundu egingo diete umeei bizitza den moduan ulertzen.
Umeentzako albumak: arte-lanak
Mar 22nd
Umeentzako liburuen artean badaude album batzuk, galeria-arte bat bisitatzea bezalakoa direnak, (Roberto Innocenti, Rob Gonsalves, Rébecca Dautremer, …). Beraiek egindako irudi ederrez gozatzera, hemendik gonbidatzen zaituztegu.
Gonsalves-en marrazkiak gure irudimenarako jokoak bihurtzen dira: pertsonazko dorre bat oso zubi haundi bihurtzen da, bizikletak adaburuen gainean ibiltzen dira, danak daude umeentzako gelan, baina arte-lanak dira, denok disfrutatzeko.
Egin klik irudietan, tituluen erabilgarritasuna kontsultatzeko.



martxoak 21: arrazakeriaren aurkako nazioarteko eguna
Mar 21st
Martxoaren 21a arrazakeriaren kontra lan egiteko konpromisoa berriztatzeko data dela gogorarazten dute Nazio Batuek. Egun horretan, 1960an, apartheidaren legeen kontra protestatzeko Hego Afrikako Saharpeville hirian burutzen ari zen manifestazio baketsu baten aurka tiro egin zuen poliziak.
Getxoko Udalak eta Getxoko Etorkinak biltzen dituen Plataforma osatzen duten Elkarteek data hori gogora ekarri nahi dute, Aniztasunaren aldeko eta diskriminazioaren kontrako VII. Jardunaldien bidez; eta Liburutegiek behean eskaintzen dizuegun Irakurketa Gidarekin lagundu dugu.
Berdintasunaren eta diskriminazio ezaren printzipioak oinarrioinarrizkoak dira arrazakeriaren, arrazagatiko diskriminazioaren, xenofobiaren eta antzeko intolerantzia-moduen kontrako borrokan.
Kultura arteko elkarbizitzaren eta udalerriko kohesio sozialaren oinarrizko printzipioak ere badira.
Zentzu horretan, eskainitako irakurketen eta pelikulen bidez herritarren gogoeta kritiko eta konstruktiboa sustatzea da gure helburua.
Nur eta magia-kanpamentua
Mar 17th
Hona hemen Toti Martinez de Lezearen argitaratuko azken liburua. Uda bukatzen ari da eta Nur oso udaleku berezi batera joan da, egiazko magia egiten den udaleku batera. Handia denean magialaria izan nahi du, eta orain lehenengo trikimailuak ikasiko ditu. Oliver eta Txagu Magu magialariak ezagutuko ditu. Eta baita beste magia-ikasleak ere. Baina udalekuan badira misterioak, eta Nurrek eta bere lagunek poliki-poliki argituko dituzte misterio horiek.
Nur eta magia-kanpamentua da bildumaren bosgarren emanaldia. Aurrekoak bezala, zortzi urtetik gorako neska-mutilentzat liburu aproposa da eta arrakasta bermatua izango da, dudarik gabe.
Idazle honen beste liburuak irakurri nahi badituzu, sakatu hemen.
Martxoak 8: Emakumeen… eta neskatilen Nazioarteko Eguna
Mar 4th

Literatura klasikoan, eta batez ere, haur eta gazteentzako literaturan, ezin da esan neskak edo neskatilak protagonista ez direnik. Egon badaude, baina, ipuinaren protagonista izan arren, ez ziren euren bizitzen protagonistak (fikziozko bizitzak, bai, baina bizitzak azken finean): lorez apaindutako neskak, edertasun handikoak, ahulak eta otzanak, beti printzesak edo printzesagaiak, hogei koltxoiren azpian jarritako ilar bat nabaritzeko bezain finak…
Zorionez, literatura onak beste neska batzuen ereduak ematen dizkigu, hauexek bai, benetako protagonistak: neska sendoak, ausartak, azkarrak, dibertigarriak, adoretsuak, «antibarbiak», zabalera eta altuera jakin bati erreparatu gabe…
Getxoko Liburutegietan liburu eta pelikulen aukeraketa bat egin dugu, fikziozko beste neska horiei buruzkoa (batzuk oso egiazkoak), adin guztientzat; izenburu batzuk behean agertzen den gidan daude bilduta, baina askoz gehiago daude, Villamonteko edota Gobelako Liburutegietako erakustokian.











