Cristóbal Balenciagak (Getaria, 1895 – Javea, 1972), eskultore, musikari, margolari eta arkitekto moduan ikusten zuen bere burua. Artista moduan sormen prozesu osoan parte hartzen zuen, eta horrexegatik, Coco Chanel-en esanetan, “gutako couturier (jostun) bakarra da”.

Moda munduko jostun handiek, Gyvenchy-k, Ungaro-k edo Courrèges-ek adibidez, berarengandik ikasi zuten; baina diskrezioa izan zen beti gizon honen ezaugarri nagusia; inoiz ez zuen elkarrizketarik eman eta berari buruz dakigun guztia bere diszipulu eta lagunen bidez helarazten zaigu.

Balenciaga Museoaren inaugurazioaren “harira” (bai aproposa!) etorrita, Nerea argitaletxeak maisu honen biografia zati bat ekarri digu.Anekdotetan aberatsa, berari eta bere lanbideari dagozkion xehetasunak azaltzen dizkigu eta berriro ohartzen gara Gipuzkoako eta Lapurdiko iraganeko giro kosmopolitaz eta abenturazaleaz. Irakurtzerakoan, goi mailako moda munduak (Worth, Chanel, Dior) garaiko artistekin zeukan loturaren berri izaten dugu.

Garaiko jet-set-ak lagunduta, gay gazte bat, azkarra, herrikoa, goraino ailegatu zen perfekzio eta harmonia mailetan, eta Parisera joan zen bizitzera.

Balenciaga berritzailea izan zen (tunika erako soinekoak, zaku erako soinekoak, arlekin estiloko gonak eta plastikozko jantziak egin zituen) eta ondorioz, berak zituen merituak aitortu egin behar dira. Meritu batzuk agian pixka bat puztuta, zeren azpiko gona izan al zen benetan Harpe´s Bazaar aldizkarian 1949an azalean agertu zen gaueko jantzi sofistikatu eta dotorearen oinarria? Buruko zapien berrinterpretazioak al ziren Europako goi gizarteko andreek janzten zituzten kapelak?

Modan adituak eta adituak ez garenok ados gaude Balenciaga, arrantzale baten eta jostun baten semea, izan zela XX. mendeko “couturier” handiena (eta ez ziren gutxi batzuk!)