Gobela, San Nikolas, Villamonte
Posts tagged zientzia fikzioa
Jules Verne Julio
Feb 17th
Frantziara egindako bidaia batean, halabeharrez ailegatu nintzen Bretañako Nanteseko portura eta bertako kalezulo nahasietatik paseatzean, aurrez aurre topo egin nuen harrizko eraikin korrokoil batekin eta bertan plaka bat zegoen… Verne-ren jaiotetxea!
Han, nire irudimena hegan egiten hasi zen, kutsatuta, nork daki, idazle honen espiritu ameslariaz.
Gogora etorri zitzaizkidan lehenengo gauzak egilearen argitasuna eta fantasia izan ziren. Eta orduan galdetu nion neure buruari: zelan izan liteke, ia mundutik ibili gabe, Verne hain irudimentsua izatea?; zelan imajinatu ilargirainoko bidaia ikaragarria (Lurretik Ilargira); zelan deskriba zezakeen XIX. mendean, Munduari bira 80 egunean edo Lurraren erdiguneraino iristea? (Bidaia Lurraren erdiguneraino).
20.000 legoako bidaia ur azpitik izenburuko eleberrian, batiskafo bat deskribatzen du eta Nemo kapitainaren borroka txipiroi erraldoi baten kontra; eta hori guztia, baita moluskuarena ere, gertatu da!
Horretan nengoen… eta bat-batean… portu hura, jendez gainezka imajinatu nuen: nabigatzaileak, merkatariak, mertzenarioak, trafikariak… era guztietako iruzurtiak. A zer-nolako istorioak, abenturak eta espedizioak ailegatuko ziren Julio gaztearen belarrietara.
Lerro hauek omenaldi apal bat izan nahi dute, fikzio zientziaren aitzindariari omenaldia, hain zuzen, zeren eta aurten 183. urteurrena ospatuko dugun. Beraz, irakurtzera gonbiatzen zaituztegu eta haren lanez gozatzera, gure/zuen biblioteketan.
“Gose jokoak”, Suzanne Collins
Jan 27th
Hamabost urtetik gorako gaztetxoentzat liburu aproposa da.. Gose jokoak, Suzanne Collins idazle arrakastatsusua euskarara ekarri du Alberdania argitaletxeak. .Etorkizun hurbil batean girotutako istorioa da. «Izan liteke 2050ean girotutakoa Hondamendi handi bat gertatu da eta herritxo bat atera da garaile. Han Kapitolioak agintzen du eta, urtero, 24 gazte behartzen dituzte Gose Jokoetan lehiatzera. Eta gainontzeko hiritarrak behartuta daude, baita ere, lehia hori telebista bidez ikustera. Joko horietan bat bakarra izan daiteke irabazle; besteak, berriz, hiltzera kondenatuta daude. Protagonista neska bat da.. Katnisse izeneko neskak, bere jarrerarekin erakutsiko du, egoera muturrekoenetan ere, leku egin behar zaiola maitasunari eta errespetuari, eta tiranoei kontra egin behar zaiela, norbere printzipioei eutsiz.








