Gobela, San Nikolas, Villamonte
Posts tagged Ramiro Pinilla
2011. Aixe Getxo Sariak
Mar 24th
Imanol Landa alkatearen eskutik jaso zuten pasa den astelehenean “Aixe Getxo!” saria udalerriko 14 norbanako eta ekimenek. “Kultur munduaren hainbat arlotan sortutako jardueren lana, konpromisoa eta zabalkundea azpimarratu” nahi izan zuten, iluntzean, Algortako Fadura kiroldegiko areto nagusian egindako ekitaldiaren bitartez.
Sarituak hauexek izan ziren:
- Ikusizko eta ikusentzunezko arteak: Getxophoto
- Arte eszenikoak: Garbi Losada, antzerki-egilea, zuzendaria eta aktorea
- Musika klasikoa: Fernando Velázquez
- Musika garaikidea: We are Standard
- Literatura: Willy Uribe idazle eta argazkilaria
- Diseinua: Jota mas Ge
- Arkitektura eta eremu publikoa: Bizkaia Zubia
- Gastronomia: Itsaso Arana sumillerra
- Kultura hezkuntzan eta baloreetan: Aitor Zabalgogeaskoa “Mugarik gabeko medikuak” erakundearen zuzendaria
- Berrikuntza eta zientzia kultura: Xabier Uribe-Etxebarria, “Anboto”konpainiaren sortzailea
- Kultura ondarea, hautemangarrieta hautemangaitza: Algortako bertsolari eskola
Aldez aurretik ezagunak ziren saridunei ustekabean gehitu zitzaien Eugenio Gandiaga. Hunkituta, ikusle guztiak zutik eta txaloka zituela, Getxoko Kultur Etxearen buruan 27 urtez egindako lanagatik egin zioten aintzatespena. Gandiagarekin batera, beraien ibilbide profesionalagatik, Vicente Larrea eskultoreak eta Ramiro Pinilla idazleak (ekitaldira joan ezin izan zuena) saria jaso zuten

Ramiro Pinilla eta Getxo
Feb 23rd

Duela hilabete batzuk, Getxoko liburutegiek Ramiro Pinillaren idazlanei buruzko ibilbide literarioa antolatu genuen, Gustavo Iduriagaren eskutik. Iduariagak, Pinilla idazle getxotarrarenen lanetan adituak, Lucía Martínez Odriozola kazetari getxotarraren laguntza izan zuen horretarako.
Proposatutako 5 km-ko ibilbidearen helburua zera da: Ramiro Pinillaren eleberrietako benetako eta asmatutako paisaiak ezagutaraztea, Getxo beste ikuspuntu batetik ikustea, eskarmentu handiko idazlearenetik, hain zuzen; bere lanetan, gure herria den-dena da: jatorria da, unibertsoarena, bizitzarena, askatasunarena…
Aurreko ibilbide gidatu hori ezin izan bazenu egin, zeure kabuz egitera gonbidatzen zaitugu, Pinillaren lanak irakurriz edo berrirakurriz; eta ondoren, eskaintzen dizuegun gida eskuetan, zapata erosoak oinetan eta Pinillaren unibertsoa gogoan duzula, beste begirada batez leku eta eraikinak aztertzea:
- Antzinako Antares liburu-denda, gaur egun likore-denda, Sólo un muerto más eleberrian Beltza liburu-denda izenaz agertzen dena
- Katea, Sarrikobason (Laparkobaso Verdes valles, colinas rojas trilogian)
- Venancio gurutzea, Oianditarren eta Ella-ren jauregiak dauden lekua, trilogia berean
- Venta eta Aigeruaren Baseliza, Andra Mari elizatik hurbil (San Baskardo irudizko Getxon)
- Hilerria, Aixerrota, Las ciegas hormigas liburuan agertzen dena
- Arrigunagako hondartza, Pinillaren unibertso literarioaren eta bizitokiaren erdigunea
- Lau Bide gurutzea, “Las ciegas hormigas” liburuan Pepitaren etxea eta trilogiako eskola dagoen lekua
- Portu Zaharra, Koldobike, Beltza liburu-dendaren idazkaria bizi den tokia, baita Benito Muro La higuera liburuan alkate frankista denarena ere
- Punta Begoña, “Palacio Galeon” trilogian
Ramiro Pinilla, Planeta Sariaren finalista, Nadal Saria eta Kritika Saria bere gaztaroan jaso zituena, asmatzaile originala, tematia, borondate handikoa, argitaletxeen munduaren gorabeheretatik kanpo, 40 urtean bidegabeki baztertua izan zen. Baina 2004. urtean, Tusquets argitaletxeak Verdes valles, colinas rojas berrargitaratzea erabaki zuenean, Ramiroren birjaiotze literarioa izan zen eta bigarren sari-sorta heldu zen: Euskadi Nobela Saria, Kritika Saria eta Narratibaren Sari Nazionala.
Idazle handi honen lanetan murgiltzera gonbidatzen zaitugu. Irakurle aditua bazara, trilogia gustuko izango duzu; zerbait laburragoa nahiago baduzu, Las ciegas hormigas liburuak hunkitu eta ukitu egingo zaitu; baina zeurea eleberri beltza bada, ez galdu Sólo un muerto más. Eta ondoren, paisaia guztietan, leku guztietan zehar lasai ibili… eta adi egon, edozein txokotan Ramirorekin egin zenezake topo eta…








